«Ezagutzen ez duen jendeari txistua jotzea oso aberasgarria da»
Gazte hasi zen Nekane Martin (Zumarraga, 1997) txistua jotzen. Zumarragako musika eskolatik Lizarriturri Urretxuko Txistulari Taldera egin zuen jauzi, eta bertatik ...
Gazte hasi zen Nekane Martin (Zumarraga, 1997) txistua jotzen. Zumarragako musika eskolatik Lizarriturri Urretxuko Txistulari Taldera egin zuen jauzi, eta bertatik Europa osora. Oraingoan Alemanian izan dira, musikaren aitzakian turismo apur bat egiten. Esperientzia aberasgarria izan dela eta oso gustura ibili direla dio.
Nolatan joan zarete Alemaniaraino txistua jotzera?
Agenda 21 proiektuko ekitaldi batean parte hartzera gonbidatu gintuzten. Ekitaldia Schwarzenbruck herrian izan zen, eta Bavariako herri hori Urretxurekin adiskidetuta dagoenez, guregana jo zuten. Halere toki gehiagotan ere jo dugu: esaterako, Faber Castell jauregian. Oso toki polita da. Garai batean arkatzak eta koloretako margoak egiten zituzten, baina egun zaharren egoitza da. Nurenberg eta Bamberg hiriak ere bisitatu ditugu.
Nortzuk joan zarete?
Lizarriturri Txistulari Taldeko kideak joan gara Alemaniara. Aurretik ere joan izan dira beste kultur eragile batzuk, baina oraingoan Urretxuko txistulariak bakarrik joan gara. Hamabost laguneko taldea joan gara, adin tarte desberdinetakoak. Kanpotik ikusita agian talde xelebrearen itxura izango genuen, baina gure arteko harremana oso estua denez, bidaia ere halakoa izan da.
Ongi moldatu zarete alemanieraz?
Laguntza izan dugu, eta ez gara horren gaizki moldatu. Urretxu eta Schwarzenbruck arteko zubi lana Host izeneko gizon batek egiten du. Berak antolatu digu ia bidaia osoa, eta bertan ere gurekin ibili da. Era berean, txistularietako baten kuadrillako bat bertan bizi da, eta berak ere egin dizkigu itzultzaile lanak. Hala ere, ez gara asko nahastu bertako jendearekin: herriko alkateak agurra egin zigun eta abar, baina eszenatokia konpartitu dugun taldeekin ez dugu harreman handirik egiteko astirik izan.
Merezi al du Alemaniaraino joateak txistua jotzeko?
Bai, ziur. Ezagutzen ez duen jendeari txistua jotzea oso aberasgarria da. Denbora mugatua izaten da, eta batzuetan gehiago jotzeko gogoz ere gelditu gara. Gainera hegazkinean joan gara gu, erosotasun guztiekin, beraz, ezin gaitezke kexatu.
Oker ez banago ez da lehen aldia Alemaniara joaten zaretela.
Nire kasuan bai, ez naiz sekula Alemanian izan. Baina Urretxuko txistulariek 2000. urtean ere egin zuten antzeko bidaia bat. Horren ondo pasa zuten, ezen batzuk hemezortzi urteren bueltan errepikatu egin duten.
Bidaia asko egiten dituzue?
Urtero egiten saiatzen gara. Azkenean taldeko kohesioa lortzeko bide ona da, eta toki berrietan jotzeko aukera ematen dizu. Halere, azken urteetan horren urrutira joan beharrean, Euskal Herrian zehar egin ditugu txangoak. Gipuzkoako herrietan egiten diren txistu alardeetara sarri joaten gara, eta, noizbehinka, disfrutatzeko irteeraren bat ere bai.
Hurrengo bidaia nora izango da?
Batek daki. Alemaniatik bueltan Dublin aipatu zuen norbaitek, eta aukeretako bat izan daiteke. Niri ozeanoa zeharkatzea gustatuko litzaidake. Polita izan behar du Ameriketan jotzea, Boisen, esaterako. Hiria gutxienekoa da, txistuarekin kanpora irtetea da politena.
Txistua ikasten hasi zinenean, ba al zenuen horrelko bidaiarik buruan?
Egia esan, apur bat kasualitatez hasi nintzen txistuarekin. Ez nekien zein instrumentu ikasi, baina argi nuen trikitia ez nuela nahi. Nire ahizpak jotzen du trikitia, eta beste zerbait nahi nuen. Txistua beste euskal instrumentu bat izanda, egokia iruditu zitzaidan. Gainera, txistuak ez zuen solfeo ikasketa handirik eskatzen, nik ez bainituen solfeo ikasketarik guztiz egin. Hala hasi nintzen Secundino Esnaola musika eskolan. Urte dezente egin nituen bertan, baina txiki geratu zitzaigun azkenerako. Lagun bat eta biok hasi ginen Lizarriturri elkartean jotzen, gaur arte.
Zer du berezia txistulari izateak?
Egin ditudan lagunak. Oso jende ezberdina biltzen gara, baina denak gara lagunak. Hori oso polita da. Gainontzean nire antzeko adineko jendearekin ibiltzen naiz, baina txistulariak denak nahasten gara.
Txistua jotzeko plaza bat?
Kalejirak dira benetan gustatzen zaizkidanak.
Pieza bat?
Zaila jarri didazu. San Juan zortzikoa esango dut.
Nori joko zenioke?
Nire pisu-kideei. Gasteizen bizi naiz, eta askotan esaten didate ez nautela imajinatzen txistua jotzen.