Luzuriaga eta Andonegi finaletik pauso bakarrera gelditu dira Gipuzkoako Txapelketan
Ordiziako Oiangu Pilota Elkarteko Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik ezin izan dute larruzko paletako Gipuzkoako txapelketarako finalean sartu. Finalerdietako partida galdu zuten, pasa den ostiralean, Errenteriako Ibon Eskisabel eta Abel Pichelen kontra (28-35).
Euskal Herriko Ohorezko mailako txapeldunek gauzak zail jarri zizkieten Oiangukoei. Atzeko koadroetan, Pichelek agindu zuen eta ondorioz, Luzuriaga eta Andonegi baldintzatuta aritu ziren.
Hala ere, partida borrokatua izan zen eta neurketaren amaierara arte estutu zuen Oianguko bikoteak. Azkenean, finalerako txartela, Errenteriako taldearentzat izan zen.
Bestalde, Beñat Ibargurenek eta Imanol Olaranek ere partida zaila izan zuten. Izan ere, bigarren mailara jaisteko edo lehen mailari eusteko kanporaketa jokatu zuten, Andoaingo Gaztelekuaren kontra eta Oianguk, mailari eutsi zion (35-19). Nabarmentzekoa, Olaranek egindako lana. Partida osoan egon zen erabat sartuta eta sakearekin min handia egin zuen. Neurketa berdinduta zihoanean, hari esker lortu zuten tartea. Ibarguren ere ederki ibili zen, bate ere bigarren zatian. Bere eskuin kolpe indartsuarekin, aurkariak estutzea lortu zuen.
Txapela, hirugarren mailan
Hirugarren mailan berriz, Gipuzkoako Txapelketako txapela eraman du Ordiziako bikoteak. Hodei Iruretagoienak eta Martin Mendikoak, pasa den igandean, Debako pilotalekuan eskuratu zuten garaikurra. Mailaz igotzeko helburua lortua zuten jadanik eta txapelketa borobiltzea besterik ez zitzaien falta eta hala egin dute. 35-16 gailendu zitzaizkien Debako Euskal Jolasekoei.
Garaipenak garaipen, atsedenerako tarterik gabe, datorren asteburuan, pala motzeko Gipuzkoako Txapelketari ekingo diote Oiangukoek.