Joan den asteazkenean, zigorrak luzatzearen aurka Ordizian egindako elkarretaratzea.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eman berri du presoen zigorrak luzatu edo murriztearen inguruko epaia. Horren arabera, Frantzian betetako zigorra Espainian ez kontatzeko hartutako erabakiak ez du Giza Eskubideen Europako Hitzarmena betetzen. Euskal preso politikoen defentsak aurkeztutako hiru helegiteetako bat bakarrik onartu dute, Espainiak “bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea” urratu duela dioena. Beste biak ordea, atzera bota dituzte; auzitegiaren ustez, preso horien “askatasunerako eskubidea” eta “indarrean dagoen araudirik gabe zigortua” izatearen ingurukoa ez baitira urratu.
Santi Arrospide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika presoen defentsa daramanetn Iker Urbina eta Ainhoa Ziluaga abokatuek harriduraz hartu dute Estrasburgoko erabakia, beste aurrekari batzuk ikusita, zigorrak murriztearen aldeko epaia espero baitzuten. Abokatuen ustez, ebazpenak “babesa eman dio Espainiaren lege aplikazio maltzurrari” eta lege horren atzean “asmo politikoa” dagoela azpimarratu dute. Sententzia ondo aztertu nahi dutela azaldu dute, baina ez dute baztertu “Europako auzitegiko sala handira” jotzeko aukera.
Sententzia hau aipatutako hiru preso horiei badagokie ere, beste 40 bat presoren kasuetan izan dezake eragina; tartean, Rufino Arriaga ordiziarraren kasuan.
Elkarretaratzeak iluntzean
Bestalde, zigorren luzapenekin amaitzeko eskatuz, elkarretaratzeak deitu ditu gaurko Orain Presoak dinamikak. Beasainen, esaterako, 19:30ean elkartuko dira, Loinazko San Martin plazan. Ordizian, 20:00etan elkartuko dira, Plaza Nagusian.