Eneko Aizpurua: «Edozein unetan, borrero eta bufoi denok izan gaitezkeela irudikatu dut»
Beste Hitzak programarekin Frisian egonaldia egin ondoren, Eneko Aizpurua idazleak (Lazkao, 1976) '(Euskal) haluzinazio bat' kontakizun laburra atera du: Booktegi plataforman sareratu du.Sorkuntza prozesu berezi baten emaitza da '(Euskal) haluzinazio b...
Beste Hitzak programarekin Frisian egonaldia egin ondoren, Eneko Aizpurua idazleak (Lazkao, 1976) ‘(Euskal) haluzinazio bat’ kontakizun laburra atera du: Booktegi plataforman sareratu du.
Sorkuntza prozesu berezi baten emaitza da ‘(Euskal) haluzinazio bat’ lana.
Donostia Kulturaren Beste Hitzak literatura sorkuntzako programaren bidez, bi hilabeteko egonaldia egin nuen iaz Frisian, Herbeheretan. Han sorkuntza lana dago, eta orduko emaitza da (Euskal) haluzinazio bat.
Nolako egonaldia izan zen?
Oso interesgarria. Hainbat idazle ezagutzeko aukera izan nuen, frisiar hizkuntzaren egoera ere bai. Kolokan dago, eta bultzatu nahi dute frisiar kultura. Nire azken liburu hau frisierara itzuliko dute han.
Bakarrik egon zinen?
Bai, bi hilabete, idazten eta idazle bizimodua egiten. Hitzaldiak egiten nituen tarteka unibertsitatean, hango irakurle taldeekin solasaldiak, hedabideekin elkarrizketak… Literatura arloan ere hartu-emana egin dugu.
Libururako ideia onduta eraman zenuen, ala han sortua da?
Buruan nuen han garatuko nuen lana. Beste Hitzak programara aurkeztu nuen proiektua, zer idazteko asmoa nuen esanez. Epaimahai batek erabakitzen du nor joango den. Hirugarren deialdian joan naiz ni. Bospasei herrialdek parte hartzen dute.
Zer da ‘(Euskal) haluzinazio bat’?
Kontakizuna da. Ez da luzea, 60 bat orrikoa da. Ipuin bat bezala irakur daiteke. Amesgaizto baten kontakizuna da. Narratzailea Euskal Herriko elkarbizitzari eta azken urteetako historia ilunari buruz gogoetan ari da kafe-etxe batean. Gogoak ihes egiten dio Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio Plazara. Epaiketa inkisitorial baten moduko haluzinazioan murgilduko da, eta epaituko duten bufoia da bera.
Zer osagai ditu amesgaiztoak?
Urruneko historiako eta hurbileko gertakarien oihartzuna etorriko da. Baina, azkenean, ikusiko da, berak uste duen arren bufoia erretzen ikusten ari dela, esango diote bera dela erretzen ari diren bufoia. Horrekin irudikatu nahi dut denok izan gaitezkeela, edozein unetan, borrero eta bufoi.
Nobela beltza idatzi duzu orain arte. Honek badu kutsu hori?
Hau ez da nobela beltza. Gaiak antzekoak dira: kezkak eta buruan darabilzkigun ideiak. Baina generoz aldatu dut, eta hau narrazio labur bat da.
Argitarapena ere ezohikoa da: Interneten, eta ez paperean.
Booktegi izeneko liburu plataformak argitaratu dit, Interneten. Oso proiektu interesgarria da. Euskal idazle mordoxka baten liburuak daude, sarean eta doan deskargatzeko. Nire kasuan, bai euskarazkoa, eta bai ingelesera haiek egindako itzulpena deskarga litezke, doan. Euskal idazleen lana bistarazi nahi du, Euskal Herrian eta atzerrian.
Liburu eran aterako duzu?
Paperean ez da aterako. Sarean, deskargatzeaz gain, audio bat ere badago eta entzuteko aukera ematen du. Elkarrizketa bat ere badago. Aurretik, nire asmoa ez zen Booktegirako idaztea. Haiek proposatu eta lagundu didate.













