Bihar aurkeztuko du , 19:00etan, kultur etxean 'El secreto de Gibola' (Circulo Rojo, 2018) liburua. Legazpiko iraganean eta orainean kokatutako intrigazko nobela da, bere lehena.Toki bat al da Gibola?Bai, Brinkolako baserri bat da. Hura aukeratu nuen J...
Ane Odriozola legazpiarrak ‘El secreto de Gibola’ (Circulo Rojo, 2018) liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, kultur etxean. Legazpiko iraganean eta orainean kokatutako intrigazko nobela da, bere lehena.
Toki bat al da Gibola?
Bai, Brinkolako baserri bat da. Hura aukeratu nuen Joakina Zangitu gure birramona han jaio zelako. Markos Madinabeitia da egun Gibolako jabea eta harentzako esker oneko hitzak baino ez ditut baserriaren izena nahieran erabiltzeko baimena eman zidalako.
Nolako nobela da?
Fikzioa da. Bi denboratan ehundu dut, bi istorio paralelo kontatzen dira; bata 2010ean gertatzen da eta bestea 1910ean. Nobelaren protagonista 2010ean bizi da eta aitonarekin lotura sakona dauka. Legazpin haren izenean baserri bat dagoela jakiten du eta hortik aurrera aitonaren sekretuak argitzen saiatuko da.
Orain ehun urteko Legazpi nolakoa zen jakiteko dokumentazio lana egin beharko zenuen.
Bai, itzela. Dokumentazio lana idazketa lana baino handiagoa izan dela esango nuke. Nolakoa zen 1910eko Legazpi? Zenbat bizilagun zituen? Tren geralekurik ba al zegoen?
Udal liburutegira joan nintzen eta han liburu asko aurkitu nituen. Aitzitik, bik pisu berezia izan dute. Jose Mari Urtzelaik Legazpiri buruz idatzitako
Legazpi siglo XX: hitos en el camino hacia la modernizacion liburutik informazio ugari atera nuen.
Brinkola gogoan hainbat egileren liburuak ere asko lagundu zidan zeren benetan existitu ziren pertsonaiak handik atera bainituen; gehienak pertsonaia anonimoak, adibidez, Brinkolako emagina nor izan zen jakin nuen.
Nolakoa zen Legazpi 1910ean?
Kale bakarra zegoen, pentsa. Egungo
Kale Zaharra orduko Santa Maria kalea zen.
Zure lehenengo liburua da.
Irakurle amorratua naiz. Orain lau urte inguru, amarekin hitz egiten ari nintzela liburu bat idaztea zeinen zaila izan behar duen komentatu genuen. Gure amak nik baino gehiago irakurtzen du… Hala, saiatzea pentsatu nuen eta ekin nion.
Orain liburua amaitu duzula, horren zaila al da?
Zaila baino, lan asko da. Zailtasunik handiena denbora ateratzea da. Bi umeren ama naiz, Arrasateko Udaleko herritarren arreta bulegoan egiten dut lan.
Nola deskribatuko zenuke zure idazkera?
Nik hitz egiten dudan bezala idatzi dut, hainbeste irakurrita zer edo zer geratuko zitzaidan, baina literatur saririk ez dut irabaziko [barre egin du].
Gaztelaniaz idatzi duzu, zergatik?
Hasierako asmoa ez zen publikatzea. Gure ama nafarra da eta euskaraz ulertzen du, baina irakurtzeko zailtasunak ditu. Nire asmoa etxekoek irakurtzeko liburua izatea zen eta horregatik idatzi dut gaztelaniaz.
Azkenean publikatu duzu.
Bai, ingurukoek irakurri zuten. Idazle bati pasa eta zuzenketa batzuk egin zizkidan kontakizuna biribiltze aldera, eta gerora pena eman zidan lana tiradera batean sartzea. Josema Azpeitia kazetari legazpiarrari kontsulta egin nion eta, azkenean, autoekoiztea erabaki nuen. Ez da bide erraza norberak egin behar duelako dena, baina egina dago.
Nola eskuratu ahal da?
Webgune bat egin dut:
elsecretodegibola.com. Hor eska daiteke.