Laugarren urtean jarraian, Ataungo mondeju beltza nola egiten den ikasteko aukera izango da. Jentilbaratza kultur elkarteak ikastaroa antolatu du, bihar goizerako, Ataunen.

Pili Barandiaran ataundarra.
Laugarren urtean jarraian, Ataungo mondeju beltza nola egiten den ikasteko aukera izango da. Jentilbaratza kultur elkarteak ikastaroa antolatu du, bihar goizerako, Ataunen. Aizkoeta elkartean izango da, Pili Barandiaran ataundarrak emanda. 10:00etan hasiko dira, eta 13:00ak aldera bukatuko dute.
Ikastaroan parte hartzeko, aurretik telefonoz hots egin beharra dago (616 375 983).
Jentilbaratza elkartea 2015ean hasi zen mondeju ikastaroa antolatzen. Herriko ondarearen parte da mondeju beltza, eta belaunaldi gazteek ikasteko, eta egiteko nahiz jateko ohitura ez galtzeko, transmisio gisa burutzen dute jarduera, urtero.
Pili Barandiaranekin
Saletxeberri baserriko Pili Barandiaranek emango ditu azalpenak. Etxean ikasia du, txikitatik, mondejugintza. Ataungo mondeju lehiaketa hiru aldiz irabazia da, bestetik.
Ardi odola, gantza, porrua eta tipula erabiltzen dira Ataungo mondejua egiteko. Barandiaranek zenbait lan aurreratuta eramango ditu; txikiketa lanak, adibidez, gaur egingo ditu berak.
Urtero harrera polita izan ohi du ikastaroak, eta 8-10 bat lagun izango dira bihar ere. San Martin jaietan lehiaketa egingo da.