Goierri garaiko enpresek Euskaraldiarekin bat egin dute
Goierri garaiko enpresek eta Urola Garaiko Lanbide Eskolako komunitateak Euskaraldiarekin bat egin dute. Atzo agerraldia egin zuten UGLEn. Koldobike Olabide UGLE fundazioko lehendakariak, Xabier Arratibel fundazioko zuzendariak eta hamabi enpresatako
Goierri garaiko enpresek eta Urola Garaiko Lanbide Eskolako komunitateak Euskaraldiarekin bat egin dute. Atzo agerraldia egin zuten UGLEn. Koldobike Olabide UGLE fundazioko lehendakariak, Xabier Arratibel fundazioko zuzendariak eta hamabi enpresatako ordezkarik parte hartu zuten: GKN Legazpi, Talleres Mendizabal, Zumardi, Rozalma, Goidesign, Illargui-Endaia Okindegia, Apaolaza Autobusak, Adaki diseinua eta publizitatea, Zuri Zuri, Talleres Loidi, Goierribus eta Egumendi.
Arratibelek testu bat irakurri zuen, denen izenean. «Badator Euskaraldia, badator milaka euskaldun martxan jarriko dituen ariketa sozial erraldoi eta itxaropentsua. Hilabete besterik ez zaigu falta eta beste askok bezala, guk ere, Urola Garaiko enpresok, lantegiok eta lanbide eskolako irakasle eta ikasleok bat egin nahi dugu Euskaraldia ekimenarekin.
Euskaraldia prestatzen ari direnak gogoratu zituzten. «Gure eskualdeko herrietan hilabeteak dira ehunka herritar lanean ari direla Euskaraldia prestatzen. Izatez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean izango da, baina aspalditik ari da jendea motorrak berotzen, dena ondo irteteko. Guk ere bat egin nahi dugu ahalegin horrekin, guk ere bultzatu eta babestu egin nai dugu Euskaraldia gure enpresa, tailer eta eskolan».
Konpromisoa
Euskaraldiaren berri emango diete baraien langile, bezero eta hornitzaile, irakasle eta ikasleei. «Horrekin batera, guztiak gonbidatu nahi zaituztegu ekimenarekin bat egitera, bakoitzak ahal duen neurrian. Gure kasuan, hemen bildutakook lantokietan Euskaraldia bultzatuko dugu eta erraztasunak emango ditugu aurrera egin dezan, gure lantokietan euskararen erabilera areagotzeko. Eta dei egiten diegu guztiei nahi izanez gero belarriprest edo ahobizi jarrera hartzera. Bakoitzak bere errealitate berezi eta bakarretik, baina guztiok batera aurrera».
Beraien ustez, Euskaraldia aukera ona izango da euskararen erabileran aurrerapausoa emateko. Euskara gehiago erabiltzeko gure herrietan, kaleetan, kiroldegietan, lagunartean, familietan, eskoletan… «Aukera ona izango da hizkuntza ohitura batzuk aldatzeko, zailtasun batzuk gainditzeko… Aukera ona izango da euskararen inguruan batzeko. Honekin guztiarekin, adierazi nahi dugu bai enpresa munduan, bai lanbide heziketan ere euskararen alde egiten jarraituko dugula».