Herritarren ekarpenak jasoko ditu udal gobernuak 2019ko aurrekonturako
Herritar guztiek eskuorriak jasoko dituzte etxean galdeketan parte hartu ahal izateko. Datorren urriaren 29tik azaroaren 12ra arte entregatu ahalko dituzte ekarpenak ordiziarrek
Ekaineko udalbatzan onartu zuten aurtengo aurrekontua. Oposizioak aurkeztutako proposamena izan zen onartutakoa, izan ere, urte hasieratik hilabetez hilabete egindako udalbatzetan ez zuten udal gobernuak aurkeztutako proposamena aurrera ateratzeko beharrezko babesik lortu. Hori horrela, oposizioak emendakinak aurkeztu eta onartu ziren aurrekontuak, nahiz eta udal gobernua abstenitu egin zen. Aurrekontuen behin betiko onarpena abuztuaren 8koa da.
Hori horrela, udal gobernuak hilabete gutxi izan ditu inbertsioak aurrera eramateko. Santamariak berak adierazi zuenez, «lau hilabete eta erdi, kontuan hartzen badugu udalean Euskal Jaiak amaitu arte lan dinamika ez dela normaltasunez hasten».
Une honetan, «indarrak inbertsioak aurrera ateratzeko» bideratzen ari dira. «Majori kiroldegiko berrikuntza, Okorrobidea eta Gernikako Arbolaren artean dagoen zatiaren urbanizazioa eta bi apustu estrategiko, OrdiziaLab eta KulturLab» nabarmendu zituen.
Bestalde, «oposizioak inbertsioen kapituluan hainbat proiekturen erredakzioa planteatzen du, jakinda epe labur edo ertainean burutzea oso zaila dela», horien artean «Buztuntza auzoaren urbanizazioa». Oposizioak Majori kiroldegia berritzeko «bigarren fasea erredaktatzea planteatzen du, lehenengoa exekutatzen hastear gaudenean. Estrategia argia da, proiektuak exekutatzen ez uztea».













