Noir Socharen estrenua Jazpana Festako karpan
Gaur eta bihar, musika doinuak nagusituko dira Beasaingo Bernedo Eneko karpan. Goierriko taldeek emango die hasiera bi egunetako egitarauari: gaur Pho-Bok eta ...
Gaur eta bihar, musika doinuak nagusituko dira Beasaingo Bernedo Eneko karpan. Goierriko taldeek emango die hasiera bi egunetako egitarauari: gaur Pho-Bok eta bihar, Noir Sochak. Joseba Basartek (ahotsa eta gitarra erritmikoa), Joseba de Arribak (gitarra bakarlaria), Xabi Lopezek (bateria eta perkusioa) eta Koldo Amondarainek (baxua) osatzen duten taldeak 2017. urtearen hasieran hasi zuen bere ibilbidea, «nahiz eta aurretik, elkar ezagutu eta batera jo izan zuten proiektu ezberdinetan. Besteak beste, Jeff Buckley-ri eskainitako omenaldi pertsonala». Bestalde, aurretik, Erga Omnes, Fitter Happier, Nuke, Lain eta Milshake taldeetan ibilitakoak dira.
Bertsioak joaz hasi ziren: «Erreferentzia asko ditugu, baina sorta horretan, amankomuneko taldeak ere baditugu. Azken urte hauetan burutu ditugun taldeen omenaldien zerrendan, Radiohead, Neil Young (Crazy Young), Jeff Buckley (Everybody Here Wants You) eta grunge mugimendua sortu zuten hainbat taldeen omenaldia (El Cerdo Que Grunge) aipatuko genituzke».
Asko gozatu eta ikasi dute gustuko taldeen kantekin. «Erosoa ere bada. Ez duzu inspirazioaren bila joan edo zain egon beharrik. Kontzertura doazenek, kantak ezagutzen dituzte eta ondo pasatzen dutela transmititzen dizute. Gaur egun, eta gure adina eta egoera pertsonala zein profesionala kontutan hartuta, musika sortzeko denbora ateratzea ahalegin handia da». Dena den, «denbora askoan besteen kantak jotzen eta ensaiatzen ibiltzeak, nekatu egiten du. Horregatik, eta guregan sinsmena dugulako, erabakia hartu eta probak egiten hasi ginen».
Abestiak ingelesez
Rock alternatiboaren zaku zabalean kokatzen dira. Ingelesez abesten dute, «gehienbat, Joseba Basarte abeslariak, aurreko taldean ere horrelaxe egiten zuelako. Eroso sentitzen da konposaketa momentuan. Baita, erreferetzia gehienak ere, anglosajoiarrak direlako». Oraingoz ez dute diskorik grabatu, «ez dakigu nora eramango gaituen proiektu honek, baina burutik pasa zaigu». Hala ere, «benetan nahi duguna, kontzertuak jo eta erreakzioak zein diren ikusi eta sentitzea da, ikusleenak eta gureak ere bai».
Lehenengo kontzertua
Jazpanan lehenengo kontzertua egingo dute, bihar: «Gustura joaten gara Jazpanako lagunak deitzen gaituztenean». Izan ere, oso proiektu «berezia eta aberasgarria» iruditzen zaie Jazpana. «Hasieratik talde ezezagunak edo zuzenean ikusteko errexak ez direnak ikusteko aukera eman digute. Aldameneko herrian, dohain, profesinaltasun osoz, antolakuntza goraipagarriaz… Ikusi dezakezuenez, pro Jazpana gara. Ohore bat izango da. Baino ez dadila azkena izan».
Jazpana Festa
- Urriak 26 ostirala. Pho-Bo (21:30), Giante (22:15), Voltaia (23:00), Toundra (23:45), La Urss (00:50) eta Lie Detectors (01:30).
- Urriak 27 larunbata. Noir Socha (19:00), Serrulla (19:45), Jamie 4 President (20:30), Aitor Etxebarria (21:15), The Mani-Las (22:30), The Limboos (23:30), Rufus T. Firefly (00:30), Vul (01:30) eta El Txef A (02:30).