Auto klasikoak jarri dituzte ikusgai Legorretan, goizetik arratsaldera arte.
Auto Klasikoen VI. topaketarekin eman diote amaiera Legorretan aurtengo Kultur Asteari. 10:00etan hasi dira autoak Legorretako plazara gerturatzen, eta arratsaldera arte egon dira ikusgai. Autoez gain, bizikleta eta moto klasikoak ere jarri dituzte. Erakusketaren inguruan hainbat postu egon dira: autoen, motoen eta bizikleten inguruko produktu klasikoak saldu dituzte, besteak beste.
Antolatzaileek partaideentzako hamaiketakoa eta bazkaria prestatu dituzte, eta 13:30etan sari banaketa egin dute. Arratsaldean, bestalde, Ibon del Olmo magoak ikuskizuna eman du Legorretako Herri Antzokian.