«Bidasoarekin igotzea, bizi izan dudan gauza politenetakoa da»
Markel Beltzak (Zumarraga, 1990) Bidasoa eskubaloi taldea utzi du, lana dela eta. Profesionala izateari utzi dio, baina eskubaloian jokatzen jarraitzen du, ...
Markel Beltzak (Zumarraga, 1990) Bidasoa eskubaloi taldea utzi du, lana dela eta. Profesionala izateari utzi dio, baina eskubaloian jokatzen jarraitzen du, Donostiako Egia taldean.
Nolatan eskubaloi zaletasuna?
Futbolean eta pilotan jokatzen nuen. Anaia, berriz, eskubaloian hasi zen. Urte batean futbolean ez nuen gozatu eta anaia eskubaloian gustura zebilela ikusita, futbola utzi eta eskubaloian hasi nintzen.
Berehala, Bidasoaren deia jaso zenuen.
Kadete mailan nengoenean deitu zidaten. Batxilergoko azken urtean Irunera joan nintzen bizitzera, amak nahi ez zuen arren. Urte hartako denboraldi-aurrea lehen taldearekin egin nuen, eta Aitor Etxaburu entrenatzaileak denboraldi osoan beraiekin entrenatuko nuela esan zidan. Lehen taldearekin jokatzeko aukera eduki nuen, baina urte gogorra izan zen: bakarrik bizi nintzen, selektibitatea egin nuen, Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa jokatu nuen…
Denboraldi bikaina osatu zenuen.
Leongo Ademar taldekoen deia jaso nuen. Eskaintza polita egin zidaten: Espainiako gazte onenak fitxatu nahi zituztela esan zidaten, bertan ikastea eskaini zidaten… Hiru urte eman nituen bertan. Garai hartan, Ademar puntaren-puntan zegoen eta gurea bigarren taldea zen. Lehen bi urteak Lehen Nazional mailan eman genituen eta igoera fasea jokatu genuen. Lehen aldiz, bigarren talde bat Bigarren Mailara igo zen. Bartzelonaren bigarren taldea ere urte hartan igo zen. Sekulako esperientzia izan zen, baina jaitsi egin ginen. Oraindik diru dezente zegoen eta Bigarren Mailan oso jokalari onak zeuden.
Azken-aurreko partida Irunen jokatu genuen eta galtzen zuena Lehen Nazionalera jaitsiko zen. Nire taldean irundar bat zegoen:?Ander Ugarte. Partida hura oso gogorra izan zen guretzat: irabazten bagenuen, Bidasoa Lehen Nazionalera jaitsiko zen eta, beharbada, zorrak itota desagertu. Guretzat, ordea, jaistea ez zen tragedia bat. Talde hartako gehienok Asobalen jokatu dugu. Artaleku bete egin zen eta sekulako jipoia eman ziguten. Horri esker, Irunera itzultzeko aukera eduki dut.
«Antequeran nire etorkizuna eskubaloiari ez lotzea erabaki nuen»
«Jarraitzea gustatuko litzaidake, baina gustura nago nire ibilbidearekin»
«Konpetentzia handia zegoen eta defentsan espezializatzea erabaki nuen»
Nondik nora ibili zara Irunera itzuli aurretik?
2011n gazte mailako munduko txapelketa jokatu nuen. Zikloaren amaiera izan zen. Banekien Ademarren lehen taldera iristea oso zaila zela eta Antequeratik deitu zidatenean hara joan nintzen. Ander eta biok joan ginen. Aurreko urtean diru arazoak izan zituzten, baina Asobal ligan jokatu nahi genuen. Espero genuena gertatu zen:?talde ona genuen, baina ez ziguten ordaintzen eta atzerritarrek alde egin zuten. Hala, asko jokatzeko aukera eduki genuen. Dena den, urte zaila izan zen.
Espainiako eskubaloiaren benetako aurpegia ezagutu zenuen.
Taldekide batzuk seme-alabak, hipotekak… zituzten. 38 urteko pertsona bat aldagelan negarrez ikustea oso gogorra da. Hala, nire etorkizuna eskubaloiari ez lotzea erabaki nuen. Beti esperientziak bizitzeagatik jokatu dut. Tokiak ezagutu ditut eta lagunak egin ditut, baina ez dut sekula dirutzarik kobratu. Seme-alabak edukita urtero bizitokiz aldatzea ez da oso zentzuduna.
Antequeratik nora joan zinen?
Bigarren Mailako Alcobendasera. Ez genuen igotzea lortu eta Asobaleko Arandara joan nintzen. Bidasoan izan dudan entrenatzaileak fitxatu ninduen:?Jacobo Cuetarak. Ademarreko bigarren entrenatzailea izan zen eta ondo ezagutzen ninduen.
Bi urte eman nituen Arandan. Lan mundura salto egiteko gogoa nuen eta Euskal Herrian lan egin nahi nuen. Beraz, eskubaloiari lotuta jarraitzeko aukera bakarra Bidasoa zen. Deitu egin nien. Garai hartan Bidasoa Bigarren Mailan zegoen eta maila horretan jokatzea ez zitzaidala inporta esan nien. Denboraldi ona egin genuen eta bigarren gelditu ginen. Bigarrenak igoera fasea antolatu behar zuen eta, beraz, Irunen jokatu genuen. Etxean jokatzea abantaila handia zen eta ez genuen kale egin. Igoera etxean lortzea, eskubaloi munduan bizi izan dudan esperientzia politenetako bat da. Azken bi denboraldiak Asobal ligan jokatu ditut eta asko gozatu dut.
Zergatik erabaki duzu uztea?
Orain arte ordezkapenak egin ditut eta oraingoan behin-betiko kontratua eskaini didate. Nire asmoa etxetik gertu lan egitea zen, eta aukera hori suertatu zait. Ezin dut galtzera bota. Eskubaloi profesionalean jarraituko banu, jai egunak eskatu beharko nituzke taldearekin bidaiatzeko, entrenamenduen ordutegiarekin arazoak izango nituzke… Bigarren egunerako erre egingo nintzateke eta ez dut horren beharrik. Gehiago jokatzea gustatuko litzaidake, baina nahiko gustura nago egin dudan ibilbidearekin.
Azken urteetan defentsan jokatu duzu.
Leonen eman nuen azken urtean espezializatu nintzen, konpetentzia handia baitzegoen. Azken urte hauetan oso gol gutxi sartu ditut. Nire jokoa ez da ikusgarria, baina bai beharrezkoa. Hartu dudan rolari esker, lehen mailan jokatzeko aukera eduki dut. Munduko jokalari onenetako batzuk defendatzea tokatu zait eta zaplazteko asko eman ditut. Ikusi dudan jokalari onena Karabatic da, baina beste askorekin ere sufritu dut.