Arimaz kamera orkestrak hasiera emango dio Azaroan Musika zikloari
Santikutz abesbatzak sustatuta, Arimaz orkestrak etzi joko du parrokian. Goiz Deiak sustatutako ikuskizuna ere hartuko du zikloak, baita Juan Mari Beltranen kontzertu didaktiko bat ere
Zortzi emanaldi hartuko ditu aurtengoan Legazpiko Azaroan Musika zikloak. Etzi hasi, eta azaroaren 25era arte larunbatetan eta igandeetan izango dira kontzertu gehienak. Etzi, Santikutz abesbatzak sustatuta, Tolosako Arimaz Kamera orkestrak joko du Legazpiko parrokian, 19:00etan.
Goiz Deia txistulari taldeak antolatuta, Artxipielagoak ikuskizuna izango da zikloaren hurrengo hitzordua. Azaroaren 10ean, larunbata, 19:00etan, Latxartegi aretoan kantagintza, bertsolaritza, musika eta irudien proiekzioa barne hartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute Andoni Egañak, Pello Ramirezek, Ainhoa Garmendiak eta Garikoitz Mendizabalek. Sarrerak bost euroan salduko dituzte.
Legorretako Elekun abesbatzak azaroaren 17an kantatuko du parrokian Santikutz abesbatzak sustatuta eta, biharamunean, azaroak 18, The Upper Room taldeak gospel kontzertua egingo du parrokian.
Santa Zeziliaren bezperatan, azaroaren 20an, Doinua musika eskolako ikasleen kalejira izango da eta azaroaren 24ko Santa Zezilia kontzertuan Santikutz abesbatza, Goiz Deia txistulari taldea, Alaitasuna errondaila eta Legazpi musika banda parrokian arituko dira.
Azaroaren 25an Goiz Deiako txistulariek kalejira egingo dute auzoetan barna goizen goiz.
Zikloari amaiera emango diote Juan Mari Beltranek eta lagunek azaroaren 25ean, Latxartegi aretoan egingo duten kontzertu didaktikoarekin.













