Lizarrustitik gaintzara, Jentilen arrastoen bidean
Goierriko Mendizale Beteranook 6. eta azken etapa osatu dugu Lizarrustitik Gaintzara. Aralar mendizerraren ertz eder batean ibili gara. Berezia izan da, erronka bat ...
Goierriko Mendizale Beteranook 6. eta azken etapa osatu dugu Lizarrustitik Gaintzara. Aralar mendizerraren ertz eder batean ibili gara. Berezia izan da, erronka bat betetzeak dituen berezitasuna eta asetasuna izan dituelako.
Goizeko 07:00etan, Ordizian mendizale batzuk elkartu gara. Ilun dago, zerua lainotuta eta 12 gradu markatzen du termometroak. Laster, Beasaina abiatu gara, eta han, 5 minutura, taldea osatu da. Oraingoan 43 lagun eta horietatik 13 emakumezkoak gara.
Bidean, eguneko informazio?orria banatu digute. Mapa, toki interesgarriak eta argibide guztiak. Antolatzaileek, Goierriko Bira osoan, zehaztasun guztiak zaindu dituzte. Ilusioz eta gogoz aritu dira lanean eta, lerro hauen bidez, parte hartu dugun mendizaleok gure aitorpena eta esker ona adierazi nahi dizkiegu.
Lizarrusti (616 m) Lareo (740 m)
07:35ean Lizarrustira iritsi gara. Oraindik ilun dago eta behe-lainoa ere badugu. Gaur kopetako edo eskuko argiak ere hartu ditugu. Aralarko Parketxearen ondoan, 07:45ean, hasiera eman diogu Goierriko Biraren 6. eta azkeneko ibilaldiari.
IL/GR?ko markak jarraituta, bide-zidorrean banaka joan gara. Argiz osatutako suge luzearen itxurak berezitasuna ematen dio gure joanari. Hasieran zerbait jaitsi eta gero igota, pagadi eder batean sartu gara. Orbelak, goroldioz estalitako kareharriek, pagoek ilunpean eta gure argien ilarak, multzo magikoa osatzen dute.
08:15ean, eguna argitzen ari dela?eta, argiak gordetzeko, berokiak kentzeko… geldiune laburra egin dugu.
Gero, aldapa pikotu egin da eta alanbre?hesi baten ondoan IL/GR?ko markak jarraitu ditugu Alleko barrenean, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan. Eskuinerantz eginda, aldapa leundu egin da. Eguna erabat argitu du, baina lainotuta; hala ere ibiltzeko giro ona dago.
Bat-batean, ezustekoa izan dugu, mendizale bat erori egin da. Eskumuturra hautsita duela ematen du. Botikina daramanak lotu egin dio eta beste bi kiderekin Lizarrustira itzuli da handik ospitalera joateko. Hirukotea adorea eta animoak emanda agurtu dugu eta besteok aurrera jarraitu dugu. Iraioko lepotik jaitsi eta Agauntza errekatxoaren ondotik doan bidea jarraitu dugu Lareoko urtegira iristeko.
Lareo (740 m) Oidui (848 m)
Pausoz pauso aurrera egin dugu Goierriko Biraren azkeneko ibilaldia merezi duen bezala amaitzeko. Gaintzan gozagarria izango dugu.
Lareoko pista utzita, Baiarrateko pasabidea igaro ondoren, bideak pagadian gora doa egin digu eta ur freskodun Napar iturrira iritsi gara. Aurrerago maldan gora jarraitu dugu Eniriora doan pistaraino. Pista zeharkatu eta sakongune batetik jaitsita, 10:05ean Oiduiko bordetara iritsi gara
Oidui (848 m) Errekontako lepoa (768 m)
Oiduin atsedenalditxoa egin eta behe-laino artean aurrera egin dugu. Jaisten jarraituta, Jentilarri izeneko trikuharrira iritsi eta bere inguruan kokatu gara taldearen argazki bat ateratzeko.
Bide?ertzean, Arraztarango trikuharria ere ikusi dugu. Gero, Pikoeta mendiko maldan dauden bordetatik pasatu gara eta ondoren Goroskintxuko txabolak ikusita, 11:00ak inguruan Ausokoiko trikuharrira iritsi gara. Bertan, hamaiketakoa egin dugu. Hamar minutu besterik ez gara egon eta lainopean jarraitu dugu.
Mandabidea izeneko bide-zidorra oso irristakorra dago eta sigi-saga eginez, kontu handiz jaitsi gara Errekontako lepora (768 m). Bertan, behorrak eta zaldiak lasaitasunez bazkatzen ari dira eta haiekin argazki batzuk egiteko aukera izan dugu. Bileratxo bat egin ondoren, Ausa-Gaztelura ez igotzea erabaki dugu. Lainotuta dago eta ezer ez da ikusten.
Errekontako lepoa (768 m) Gaintza (440 m)
Ausa-Gazteluko maldan, eskuinerantz doan bidea hartu eta beherantz egin dugu. Langa batera iritsi eta aldapan behera jarraitu dugu. Lanbroaren eraginez harkaitzak bustita daudenez, poliki-poliki jaitsi gara bide zabalago batera iritsi arte. Larraitzera doan bidetik jarraitu dugu, tarteko bidegurutzeei kasurik egin gabe. Larraitzera iritsi baino lehen, ezkerraldeko langa bat zeharkatu eta pinudi batean aldapan behera, Zaldibia?Gaintza?Larraitz arteko errepideko bidegurutzera iritsi gara 12:25ean. Artalde txiki batek, ikaratuta, gure bidea jarraitu du eta konturatzerako, errepidea zeharkatu eta ondoko belardi batean sartu da. Mendizale batzuek artaldea bere tokira eraman dute.
Bidegurutze horretatik Gaintzara doan errepidea jarraituz, kontu kontari eta Goierriko Bira bukatzeagatik gustura joanez, 13:10ean Gaintzako plazara iritsi gara.
Arropak aldatu eta aterpe batean, antolatzaileetako batek, eskerrak eman eta sei ibilaldiak egin dituzten hamaika mendizaleei, zorionak eman, eta txalo artean, diploma bana eman die. Ondoren, solasean, giro paregabean, salda, pintxo goxoak, ardoa eta sagardoa izan ditugu aukeran. Jarraian, herriko plazan, bertako gazte batek taldearen argazkia egin digu eta amaiera eman diogu Goierriko Birari.
Bideko toki interesgarriak
- Lizarrustiko mendatea: Basoaren ustiapena, alkohol-destilatzeari zein egur-ikatza egiteari loturik dago, baina baita kontrabando eta tratu-erabilpenari ere. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko zerga-muga izan zelako ariel-etxea ere bertan dago (egun Aralarko parke-etxea da).
- Quifosa (Química Forestal S.A.): Enpresa horrek Beasainen zuen egoitza (Arana familiarena zen) eta pago-egurretik destilazio bidez alkohol industriala lortzen zuen. Gaur egun, erabat abandonatuta dago.
- Alleko mendia: (1.018 m) Barrenean Nafarroa eta Gipuzkoako muga.
- Putterri edo Puttarri mendia: (1.296 m) Kondaira asko daude mendi horren inguruan. Mariren etxea omen den kobazuloa ere badu bere gainaldean. Bista ederrak ditu mendi horrek.
- Lareoko urtegia: 1989ko ekainaren 19an inauguratu zen. Elementu naturalez urtegi bat egin zen lehenengo aldia izan zen.
- Oidui: (848 m) Artzainen saroia izandakoa. Egun, sute bat jasan ondoren, Zaldibiako mendizaleek elkarte gisa berreraikia dute borda.
- Jentilarriko trikuharria: Trikuharri hori, Kixmiren eta Jentilen kondairari loturik dago.
- Arraztarango trikuharria: Trikuharri laburra eta itxia da.
- Ausokoiko trikuharria: Atauru izenez ere ezagutzen da.
- Ausa-Gazteluko gotorlekua: Nafarroako erreinuko gotorlekua izan zen. XII. eta XIII. mendeetan zaintze-lanak bete zituen. 1335ean, behin eta berriz jasandako erasoen ostean, Nafarroa zaintzeari utzi zion, gaztelarren eskuetan erori zen eta.
- Gaintza: Gipuzkoako HE-an eta Goierrin kokatuta dagoen landa-udalerri txiki eta euskalduna da.
Informazio gehiago: ww.gmb.eus