Iaz hasitako elkatruke proiektuari segida eman diote, maiatzean ikasle legazpiarrak Alemaniara joango dira
Haztegi ikastolak bigarren urtez elkartrukea egin du Alemaniako Wathlingen herriko eskolarekin. Sagrario Etxabe Haztegiko zuzendariaren hitzetan, «aurreko ikasturtean izandako esperientzia onak ikastetxe berarekin elkartrukea egitera animatu gaitu». Batxilergoko lehenengo mailako ikasle taldea hartu dute, baita haien irakasleak ere.
Trukearen helburuetako bat ikastolako hezkuntza sistema ezagutzera ematea izan da. Ikasleek, bertakoek eta bisitariek, elkarrekin hainbat saio egin dituzte ingeles eta gizarte ikasgaietan.
Beste helburuetako bat Legazpiko kultur ondarea erakustea izan da eta ikasleek, Lenbur fundazioak antolatutako bisita gidatuak medio, garai bateko eskola, Txillida lantokia eta Mirandaolako burdinola ikusi dituzte.
Legazpiko Udalean hartu dituzte Alemaniatik iritsitako bisitariak, «harrera beroa egin zieten eta batzar aretoan solasaldi alaia eskaini ziguten Koldobike Olabide alkateak eta zinegotziek», azaldu du Etxabek.
Irteerak egin dituzte. Bilbora joan dira bertako eraikin eta toki esanguratsuenak ikustera gida bat bidelagun izan dutela. Donostian ere izan dira, eta Haizearen Orrazia bertatik bertara ikusteko aukera izan dute; erosketak egiteko tartea ere hartu dute bisitariek.
Hurrengo hitzordua maiatzean da. Hain zuzen, ikasle legazpiarrak eta irakasleak Alemaniari joango dira.