Jabekuntza eskolaren lekualdatzea kritikatu dute
EH Bildu, Irabazi eta PSE-EEk Goierri garaiko jabekuntza eskolaren lekualdatzea gaizki egin dela salatu dute. Arantxa Gonzalez, Antxiñe Biain eta Unai Orbegozo Zumarragako zinegotziek prentsaurrekoa eman zuten atzo Koldobike Olabide
EH Bildu, Irabazi eta PSE-EEk Goierri garaiko jabekuntza eskolaren lekualdatzea gaizki egin dela salatu dute. Arantxa Gonzalez, Antxiñe Biain eta Unai Orbegozo Zumarragako zinegotziek prentsaurrekoa eman zuten atzo Koldobike Olabide Urola Garaia udal elkarteko lehendakariak lekualdatzea nola egin duen kritikatzeko. «Jabekuntza eskola emakumeen etxea izango denera eraman aurretik, eraikina egokitu egin behar zen. Akordio bat dugu eta honek zerbitzuak eta funtzionamendua jasotzen ditu. Jabekuntza eskolako informatika gelako, adibidez, emakumeen etxera izango den eraikinera eraman da. Materiala bilduta dago oraindik eta zerbitzu hori erabiltzen zuten emakumeek ez dute erabiltzerik».
Emakumeak topagunerik gabe gelditu direla salatu zuten. «Jabekuntza eskolako lokal berrian ez dago elkartzeko eta eztabaidatzeko tokirik, baldintzak ez baitira horretarako egokiak».
Bestalde, udal elkarteko Berdintasun teknikariak Uggasa garapen agentziaren bulegoetan jarraitzen dutela esan zuten. «Gure ustez, lehen pausoa Berdintasun teknikariak lekuz aldatzea izan behar zen. Horretarako haurreskola zena egokitu egin behar da eta oraindik ez da halakorik egin».
Jabekuntza eskola urriaren 18an lekuz aldatzeko erabakia Olabidek bere kabuz hartu zuela salatu zuten. «Udalei ez zien erabakia modu formalean jakinarazi». Beraien ustez, erabaki hau Goierri garaiko EAJren baimenarekin hartu zuen. «Gehien sumintzen gaituena jabekuntza eskolako erabiltzaileak kontuan hartu ez izana da. Ez zeuden tokirik egokienean, baina ekintzak aurrera ateratzeko egokia zen. Eta hortik atera zaie beharrezko azpiegiturak ez dituen toki batera eramateko. Hor ez dago jabekuntza lantzerik».
Hori dela eta, bukatzeko, aurrerantzean aldebakarreko presazko erabakirik ez hartzeko eta kontsentsua errespetatzeko eskatu zuten.