Buzkantzaren asteburua hastear da Zumarragan
Buzkantza gose denak aukera ona du Zumarragan. Gaurtik igandera bitartean, hamazazpigarren buzkantza pintxo lehiaketa eta 36. buzkantza eguna egingo dira. Buzkantza aspertu arte jateko aukeraz gain, zozketak, eskulan erakusketak eta
Buzkantza gose denak aukera ona du Zumarragan. Gaurtik igandera bitartean, hamazazpigarren buzkantza pintxo lehiaketa eta 36. buzkantza eguna egingo dira. Buzkantza aspertu arte jateko aukeraz gain, zozketak, eskulan erakusketak eta herri kirol erakustaldiak ere egongo dira.
Gaur 19:00etan hasiko da lehia. Mokaduaren protagonista, nahi eta nahi ez, buzkantza edo odolkia izan behar da. Hortik aurrera, ostalariaren imajinazioa. Denera, bederatzi taberna lehiatuko dira: Alexander, Batzokia, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Monterrey, Saski, Txanpon eta Ziaboga. Bi sari banatuko dira: pintxorik onena eta originalena. Iaz, Bidezar tabernak aurkeztutako Antipasto mokadua izan zen denetan onena, eta Iburretako Txurroak txokolatearekin originalena.
Pintxoak dastatzera hurbiltzen direnen artean, bi pertsonentzako afaria zozkatuko da. Sari guztiak igande eguerdian banatuko dira.
Buzkantza eguna
Igande goizean festak jarraipena izango du Euskadi plazan. Inguruko buzkantza eta odolki ekoizleek postuak jarriko dituzte beraien produktuak saltzeko. Halaber, Urola Eskubaloi Klubeko kideek pintxoak salduko dituzte prezio sinboliko batean.
Jakiez gain, eskulanen erakusketa eta salmenta ere egongo da plazako arkupeetan. Haurrei zuzendutako tailerrak ere izango dira, baita herri kirol desafioa ere: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua aizkolariak eta Jon Gisasola Zelai V.a eta Inhar Urruzuno harrijasotzaileak nor baino nor ibiliko dira.
Busca Isusi zumarragar gastronomoa omentzeko baliatuko dute buzkantza eguna. Busca Isusik bizi osoa eman zuen sukalde kontuetan murgildua: Gastronomiazko Euskal Anaiartea sortu zuen eta, besteak beste, Jakiak euskal sukaldaritzan, Perretxikoak eta Gipuzkoako gida gastronomikoa liburuak argitaratu zituen.