XIX. eta XX. mendeetan zazpi ostatu zeuden Ormaiztegin, eta emakumeek ateratzen zituzten aurrera negozio horiek; garai hartako egunerokoa gogora ekarri dute hainbat herritarren ekimenari esker
Duela ehun urte, gaizki ikusia zegoen emakumeak taberna giroan ibiltzea. Baina, giro hain maskulino hartan, ezinbestekoa zen emakumeen lana. Besteen mesedetan egindako lana zen, itzalekoa. Eta, hain zuzen ere, ormaiztegiarrek argitara atera dute urte luzez emakumeek ostalaritzan egindako lana. Hainbat herritarrek euren senitartekoen bizipenak kontatu zituzten larunbatean. Ostatuz ostatu txango bat egitea zen antolatzaileen asmoa, baina, eguraldi txarrak eraginda, udaletxean elkartu ziren. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan egin zuten ekitaldia.
Industrializazio garaiak aldaketa handiak eragin zituen Ormaiztegin. Hazi egin zen herrigunea, eta zerbitzuak, areagotu. Zazpi ostatu zabaldu zituzten tartean, eta baita bainuetxe bat ere. “Taberna guztiak gizonezkoen izenean zeuden erregistratuta, baina emakumeek egiten zuten lan”, nabarmendu du Elixabete Garmendia txangoaren gidariak. Ormaiztegiko bainuetxean, esaterako, langile guztiak emakumezkoak zirela gogoratu du Rosarito Berastegik. Bainuetxearen azken urteetan egin zuen lan han, 1960ko hamarkadan. “Ederki gogoratzen naiz guztiaz. Neskame aritu nintzen lanean”, zehaztu du. Urteak pasatu arren, garai hartako bizipen asko ditu gogoan. “Beste garai batzuk ziren. Orain pentsaezinak dira orduan normalak ziren jokaera batzuk”.
Bezero gehienak kanpotik etorriak zirela azaldu du; bereziki, Madril, Zaragoza eta Bartzelonatik. “Eskupeko onak ematen zizkiguten. Batzuetan, soldatarekin baino gehiago irabazten genuen eskupekoekin”. Hilean 1.500 pezeta inguru irabazten zituzten [9 euro]. “Soldata polita”, Berastegiren arabera.
Bainuetxearekin harreman estua zuela onartu du. “Bertako langilea izateaz gain, bertan bizi nintzen. Azkenerako, zeure sentitzen duzu”; familiartekoak ziren garai hartako taberna gehienak. Ostalarien alaba da Mari Carmen Goiburu ere, eta etxeko negozioan ordu asko sartutakoa dela dio. “Etxaluze ostatuaren jabeak ginen. Hamalau ohe genituen, eta inoiz ez zen lan faltarik”. Amak denetik egiten zuela nabarmendu du Goiburuk: jana prestatu, izarak eta arropak ostatuaren albotik igarotzen den Estanda ibaian garbitu… “Aurrerapauso handia izango zen gizakia ilargira iristea, baina nire amarentzat garbigailua izan zen aurrerapausorik handiena. Beretzat munduko asmakizunik onena zen garbigailua”, azaldu du, barre artean.
Etxeluzeko bezeroak inguruko fabriketako langileak izaten zirela oroitu du. “Jende asko etortzen zen Irizarrera, baita Espainiatik eta Portugaldik ere”. Idoia Gurrutxagak gaineratu du bezeroekin ere harreman handia sortzen zela. “Azkenerako, ordu asko igarotzen zuten elkarrekin”. Lanera etorritako portugaldar baten istorioa kontatu du Gurrutxagak: “Oso gogorra zen haien bizimodua: etxetik urrun, lanaldi luzeak… Askok ematen zioten zurrutari. Behar baino gehiago gastatu ez zezan, nire amak soldata gordetzen zion lanera etorritako portugaldar bati. Txaketaren barnealdean ezkutuko poltsiko bat ere josi zion etxera joatean dirua lapurtu ez ziezaioten”.
“Lehen, Ormaiztegiko taberna guztiak
gizonezkoen izenean zeuden erregistratuta,
baina emakumeek egiten zuten lan”
Elixabete Garmendia (Txangoaren gidaria)
“Aurrerapauso handia izango zen gizakia
ilargira iristea, baina gure amarentzat
garbigailua izan zen asmakizunik onena”
Mari Carmen Goiburu (Ostalarien alaba)
Izaera handiko ostatuak
Faustorena taberna zuten Gurrutxagaren senitartekoek. “
Ameriketako Txikiarena ere deitzen zioten. Nire aitona Amerikara joan zen dirua egitera, eta itzultzerakoan zabaldu zuen taberna”. Kiroletan espezializatutako taberna zen: “Asteburuko kirol emaitzak jartzen zituzten tabernan. Orduan zailagoa izaten zen inguruan zer gertatu zen jakitea, eta jende asko etortzen zen Realak zer egin zuen edo pilotan nork irabazi zuen jakitera”. Haiek hasi ziren oraindik ere egiten den Ormaiztegiko ziklo-kros lasterketa antolatzen. Tabernek herrigintzarako duten pisua nabarmendu du Garmendiak. “Ez dira aisialdirako elkarguneak soilik”.
Politikako eragile askok baliatu izan dituzte tabernak euren bilerak egiteko eta mezuak zabaltzeko. “
Errepublikanoena ere esaten zioten Amerikano Txikiaren tabernari. Bertan egiten zituzten bilerak”, kontatu du Gurrutxagak. Jeltzaleek ere bazuten euren bilgunea: “Ezkurdia tabernan biltzen hasi ziren haiek. Geroago zabaldu zuten Ormaiztegiko batzokia, baina beti Ezkurdia tabernan egiten zituzten agintari gorenen bilera garrantzitsu guztiak”, azaldu du Xabin Ezkurdiak.
Taberna soila baino askoz gehiago zen ezkurdiatarren negozioa. Txokolatea eta bestelako gozoak ekoitzi eta saltzen zituzten, ontziratu gabeko produktuak ere bai, arropa zaharrak konpontzen zituzten… “Herri txikietan oso ohikoa zen hori. Jendeak behar zuen guztia eskaintzen zuten negozioek”.
Hutsetik hasita, negozioak aurrera atera zituzten Ormaiztegiko emakumeek. “Ekintzaileak direla esango genuke egun”, diote denek, txantxa artean. Barra atzetik atera, eta erakusleihoan jarri dituzte haien herrikideek.