Txerrikizaleek hitzordua dute igandean Mutiloan
Hamaikagarren ediziora iritsi da mutiloarrek haien ‘txerri gorri’ izengoitiari keinu eginez sortu zuten azoka. Igandean, azaroaren 4an, egingo dute aurtengo Txerri Azoka, herriko frontoiaren inguruan, ohiko ekitaldiz betetako egitarauarekin.
Azokaren irekiera ofiziala 10:00etan zango da. Ordu horretarako txerria burruntzian erretzen hasiak izango dira, eta prest egongo dira txerrikia salgai izango duten postuak, jatorri ezberdinetako ekoizleenak. Hainbat arrazatako txerrien erakusketa ere izango da.
Odolki eta txorizo dastaketak, urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketak, haurrentzako eskulan tailerrek eta odolkiak nola egiten diren bertatik bertara ezagutzeko erakustaldiak osatuko dute azokaren egitaraua. Txerri errea dastatzeko aukera ere izango da, 12:00etatik aurrera. Amaitzeko, herri bazkaria egingo dute 14:00etatik aurrera.
Autobusak Goierritik
Txerri Azokak berrikuntza nagusi bat izango du aurten; izan ere, autobus zerbitzu berezia jarriko dute, iganderako. Lazkao-Ordizia-Beasain-Mutiloa ibilbidea egingo dute 09:45ean eta 11:15ean Lazkaotik irtenda, eta Zegama-Segura-Zerain-Mutiloa, 10:30ean eta 12:00etan Zegamatik irtenda. Itzultzeko ere izango dira.