Ampo Ordiziak beste garaipen bat ekarri du Bartzelonatik
Ampo Ordiziak garrantzia handiko beste garaipen bat lortu du, etxetik kanpo. Sailkapeneko 3. postuan zegoen Bartzelona mendean hartu dute, 22-34. Oso partida parekatua izan zen, eta ordiziarrek dena eman behar izan zuten garaipena lortzeko. Beste behin ere, defentsan sendo aritu dira ordiziarrak, eta jokalari gutxiagorekin egon diren momentuetan ere, gogor eutsi zioten etxekoen erasoei.
Etxekoak aurreratu ziren markagailuan, Berruezok 11. minutuan gauzatutako zigor kolpe bati esker. Bost minuturen bueltan etorri zen berdinketa, Valentin Cruzek kolpearekin asmatu eta gero. 23.ean Ander Alberdi kanporatu zuen epaileak; baina ordiziarrek, atzera egin beharrean, erasoan ere saiatu ziren, eta baita asmatu ere. Julen Goiak entsegua egin zuen, eta Cruzek kolpea gauzatu ondoren, 3-10 aurrea hartu zuten Ampokoek. Lau minutu geroago, Iker Kortak beste entsegu bat egin zuen; Cruzek ezin izan zuen ordea gauzatu. Argentinarrak berehela kitatu zuen zorra, ordea, beste bi zigor kolpe zutoinen artean sartuta. 3-21 aurretik ziren, baina atsedenaldira iritsi aurretik, etxekoek erreakzionatu egin zuten, eta Berruezok entsegua lortu zuen (10-21).
Bigarren zatian indarrak neurtzen aritu ziren bi taldeak, harik eta 15. minutuan Cruzek zigor kolpearekin asmatu zuen arte. Markagailua alde zuten ordiziarrek, baina 63. minutuan Oier Goia kanporatu zuen epaileak, berriz ere taldea jokalari bat gutxiagorekin utziz. Berruezok beste entsegu bat egin zuen, eta etxekoak gerturatzen hasi ziren markagailuan. Baina Julen Goiak Amporen hirugarren entsegua egin zuen 77. minutuan, eta Cruzek gauzatu. Partida bukatzerako, ordea, etxekoek beste entsegu bat egin zuten, Garciaren eskutik. Azkenean, 22-34, Amporentzako garaipen landua, eta garrantzitsua, sailkapenari begira.
Bosgarren jarraitzen dute ordiziarrek, baina bigarren sailkatuarengandik hiru puntura daude orain. Atzetik ere gertu dituzte hurrengoak ordea, eta ezin dute lorik hartu. Hurrengo hitzordua Altamiran izango dute, igande honetan, Complutense Cisneros taldearen kontra.