Goierri ondare sorleku
Goierrin jaio edo jatorria Goierrin duten arkitekto eta hargin-maisuen lanak ezagutzera emateko helburuarekin, Lemnikaskatako kide Martin Garcia Garmendiak beasaindarrak, Goierriko arkitektoak XVII eta ...
Goierrin jaio edo jatorria Goierrin duten arkitekto eta hargin-maisuen lanak ezagutzera emateko helburuarekin, Lemnikaskatako kide Martin Garcia Garmendiak beasaindarrak, Goierriko arkitektoak XVII eta XVIII mendeetan liburuxka idatzi du. «Arina da, xehetasun gehiegi emateko asmorik gabekoa», Garziak berak argitu duenez. Baina Goierrin izan ziren hainbat arkitekto eta maisuren hainbat datu ezagutzeko balioko du.
Lemniskata Kaierak bildumaren bigarren alea da kaleratu berri duena. CAFen mendeurrenekoa izan zen lehena, eta iaz argitaratu zuten, «arrakasta handiarekin» gainera. Urteurrenak aburu, 250 urte beteko dira aurten Martin Carrera (Beasain, 1713)hargin-maisua hil zela. Beasaingo Errekarte handi baserrian jaio eta hil zen. Hori horrela, trenaren industriatik, arkitekturaren mundura salto egin zuen, eta Goierriko arkitektoen lanak ezagutzeko ibilbidea egitera gonbidapena egiten du egileak.
«Liburuxkan agertzen diren guztiak arkitektoak dira, baina gehiago ere egon daitezke», adierazi du idazleak. «Arlo honen inguruko datu kopurua eskasa da eta posible da batzu-batzuk kanpoan utzi izana». Gainera, liburuxka formatoagatik, «gehiegi sakontzeko aukerarik ez» du izan. «Gaiaren inguruan orientatzea eta dibulgatzea da helburua», eta behin irakurrita, «inguruan ditugun eraikin historikoetako asko nork diseinatu eta eraiki zituen erakutsi nahi» du. Horretarako, 130 irudi erabili ditu, Goierriko arkitektoen lanak dira guztiak edota haiek esku-hartu duten proiektuak.
Liburuxkaz gain, erakusketa ere antolatu dute Lemniskatako lagunek. Ordiziako Barrena kultur etxean izan da erakusketa orain dela egun gutxi arte, eta hurrengo geltokia Beasaingo Usurbe antzokia izango da, azaroaren 10etik 18ra.
Garaiko garrantzitsuak
Garciak liburuxkara ekarritakoaren arabera, 6 dira Goierriko arkitekto eta arkitekto familia garrantzitsuenetakoak: Zeraingo Fray Migel Aranburu, Lazkaoko Pedro de Lizargarate, Altzagako Abaria familiakoak, Zegamako Joseph Zumeta eta Beasaingo Carreratarrak. Arkitekto horiek nortzuk ziren erakusteko ahaleginean, Garciak berak ezagutzen ez zuen hainbat daturekin egin du topo. Izan ere, ez zuen uste hainbeste zirenik, ezta haiek egindako lana horren garrantzitsua izango zenik ere.
Goierrin bertan eta beste hainbat tokitan ere utzi zuten beren lanaren erakusgarri ugari. Horietako asko lan oso garrantzitsuak dira, eta guztiontzat aski ezagunak. Aranbururen lanen artean, Zeraingo San Frantzisko eliza dago. Lizargaratek, Uclesko monasterioa bukatu zuen. Cuencako Escorial txikia bezala ere ezaguna den eraikina Francisco de Moraren lana da, baina 1611n hil zen, eta Lizargaratek jarraitu zuen lana.
Abariatarrena arkitekto ugari atera zen familia izan zen. Garai hartako gizartean, posizio oso ona zuen familia zen gainera. Ordiziako alkate izandako hainbat ere, Abaria familiakoak izan ziren. Tortosako katedraleko paretetako bat edota Lazkaoko jauregia Abariatarrek egindakoak dira, besteak beste. Baina hori guztia urteetan egindako lan guztiaren adibide txiki bat baino ez da.
Martin de Carrera, Errekarteko arkitektoa
Beasaingo Carreratarrena arkitekto saga bat zen. Martin de Carreraren aurrekoak izan ziren aitzindariak, zehatzagoak izateko, haren aitona izan zen arkitekturaren munduan sartzen lehena. Beasaingo Pedro de Carrera y Arana (1679-1731) zen hura.
Martin de Carrera y Aranburu (1713-1768) semea izan zen guztien artean emankorrena. Lemniskatak liburua eskaini diona alegia. Berak egindakoak dira Oñatiko, Arrasateko eta Alegiko udaletxeak, edota Tolosako Santa Maria elizaren aurrealdea, dorrea eta kanpai horma, beste proiektu askoren artean.
Familian hirugarren arkitekto bat ere izan zen, Manuel Martin, Pedroren biloba eta Martinen semea zena.