Hurkoarekiko jakinmina
Datorren azaroaren 11n, San Martin egunez, Bizilagunak egitasmoa egingo da Euskal Herriko hainbat etxetako sukaldeetan SOS Arrazakeria erakundeak sustatuta. Helburu ...
Datorren azaroaren 11n, San Martin egunez, Bizilagunak egitasmoa egingo da Euskal Herriko hainbat etxetako sukaldeetan SOS Arrazakeria erakundeak sustatuta. Helburu argia du 2012an abian jarritako egitasmo honek: bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin batera, bazkari baten bueltan biltzea elkar ezagutu dezaten.
Egun horretan, 14:00etan, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat elkartuko dira bi familietako baten etxean. «Asko eta asko gara, bertakoak nahiz kanpotik etorriak, hurbiltzeko urratsa eman nahi genukeenak, baina horretarako aukerarik aurkitzen ez dugunak». SOS Arrazakeriak taldearen honakoa gehitzen dio hausnarketa horri: «Uste dugu esperientzia berriak izatea gure adimena zabaldu, eta estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko modurik aproposena dela».
Bizilagunak egitasmoa nork bere jakinmina asetzeko, eta bestelako jatorri, kultura, ohitura eta pentsaerak dituzten hurkoak ezagutzeko «aukera paregabea» dela nabarmendu dute antolatzaileek. Goierriren kasuan, Urretxun eta Ordizian ari dira indar gehiena egiten proiektu honen alde.
Kulturen arteko topaketa
Ordiziaren kasuan, ekimena ez da egun batera mugatuko. Azaroaren 13an hitzaldi bat izango da, 14an munduko ipuinen kontaketa, 16an hainbat emakumeren arteko solasaldia, eta 17an, larunbatarekin, Kulturen arteko Topaketa egingo dute egun osoan. Kolore-truk merkatu soziala ere egingo dute.
Bizilagunak
Azaroaren 11n, 14:00etan, bertako eta atzerritik etorritako norbanakoak eta familiak mahai baten inguruan elkartzea da egitasmo honen helburua.
- Nork har dezake parte? Edonork. Familian, taldean edo bakarka apunta daiteke.
- Izena emateko bideak. SOS Arrazakeriak elkartearen webgunean (www.mugak.eus), Urretxuko Udaleko Gizarte zerbitzuetan (ongizate.ur@urretxu.eus edo 943 03 80 83 ) eta Ordiziako Udaleko Aniztasun sailean (603 652 682 edo aniztasunaoh@gmail.com).