Javi Vadillo harakin legazpiarra saria jasotzen, larunbatean, Azpeitian // Argazkia: Uztarria
Ardoaren Eguna ospatu zuten larunbatean, Azpeitian, eta eguneko ekitaldien artean, Euskal Herriko Txorizo Egosiaren Lehiaketa egin dute, seigarren aldiz. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako 32 harakinek parte hartu dute lehiaketan, eta irabazlea, Javi Vadillo legazpiarra izan da. Txapela eta Mikel San Juan eskulturgileak egindako egurrezko irudia jaso ditu. Vadillok 52 puntu jaso zituen, Orioko Kepa harategiak 51, eta Altsasuko Aldasorok 47.
Legazpiarrak, lehiaketaren aurreneko edizioa ere irabazi zuen, eta gustura agertu da sariarekin. Txorizo “lehengo antzera” egiten duela dio, eta bere errezetari “aldaketa txiki batzuk” bakarrik gehitu dizkiola.