Txondorra festa giroan itzalduko dute Zegaman
Txondorra piztu zutenean bezala, itzalera ere festa giroan egingo dute, Zegaman. Igandean (azaroak 11) izango da, San Martin egunarekin batera. Txondorra itzaltzearekin batera, egur ikatza aterako dute. Ia hilabetez zaindu du txondorra Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak, eta horrela, prozesu osoa ezagutzeko aukera izan da, Anduetza parketxearen atarian.
Goiz pasarako egitaraua antolatu dute iganderako. 10:30ean eta 11:30ean, bisita gidatu bana egingo dituzte. Txondorra egunez egun argazki erakusketa ere ikusgai izango da Anduetzan. 12:45ean, Tobera Musika Eskolako trikitilariek lagunduta, kalejira egingo dute, herriko plazatik, txondorra dagoen tokiraino. 13:00etik 13:30era, prozesuan parte hartu duten pertsonen arteko elkarrizketak entzuteko aukera izango da. 13:30ean, txondorra itzaldu eta ikatza aterako dute. Ondoren, mokadu bat eskainiko dute, bertaratu direnentzat.