Danbolinean txaplaka
Araman ez da oraingoxekoa San Martin bezperan gaztaina erreak jatea. Gaztaina garai bete-betean egokitzen dira jaiak, eta, fruitu horrek zuen estimua festa-aldarterako ...
Araman ez da oraingoxekoa San Martin bezperan gaztaina erreak jatea. Gaztaina garai bete-betean egokitzen dira jaiak, eta, fruitu horrek zuen estimua festa-aldarterako ere elikagai ona izan, nonbait. XX. mendearen hasieran jada, danbolinkada gaztaina erretzen zuten aramarrek.
Azaroaren 10a zen horretarako egun seinalatua, zaindariaren bezpera. Udalak 20 litroko garrafoi ardoa jartzen zuen, eta hari laguntzeko, gaztainak. Alerik izaten ez zen urteetan, gailetak ipintzen zituzten. Udaletxe eta eskola zaharretan mahaiak eta bankuak jartzen zituzten, Aramako familiak elkartu eta batera eser zitezen. Udaletxe eta eskola berriak egin zituztenean, ordea, gaztainak jateko usadio zaharra eten egin zen. Gerora bereskuratu zuten.
11.000 gaztaina arbola
Gaztaina-leku oparoa zen Arama. 1936ko gerraren ondorengo gose-garaietan, Tolosa, Hernani eta Villabonako jendea gaztainak biltzera joan ohi zen, trenean. Zakukadak biltzen zituzten. Behin, kendu egin zizkieten herritarrek.
Araman, 1784an, 4.467 gaztainondo zeuden. Zuhaitz espezie guztiak kontuan hartuta —jateko fruta-arbolak eta zuretarakoak— bigarren ugariena zen. Gehien, haritza (6.898).
1928ko fruta-arbolen udal zentsuaren arabera, Araman 11.028 gaztainondo zeuden. Askogatik, fruta-arbola ugariena. Zerrendan hurrena sagarrondoak ageri dira, 3.984.
Gerra ondoren, asko galdu ziren gaztainondoak Araman ere, intsinis pinuaren landaketa masiboek itota. 1948an, 19 hektarea pinu zeuden; gaztainondoena, 8 hektarea (132 hektarea ditu udalerri osoak).
Historiak historia, eta zenbakiak zenbaki, aurtengo San Martin jaietan berrituko dute danbolineko txaplada hotsa.
Asteburu bete festa
Azaroak 9, ostirala:
- 17:30: Haur jolasak.
- 20:00: Txupinazoa.
- 20:30: Herri afaria Arrikutz elkartean.
- 00:30: Xabi Solano Maizaren emanaldia.
Azaroak 10, larunbata:
- 11:00: Arama eta Altzaga arteko frontenis txapelketako finalak, pilotalekuan.
- 13:00: Txakolin dastatzea.
- 15:00-20:00: Puzgarriak pilotalekuan.
- 20:00: Umeen mozorro jaia.
- 20:30: Gaztaina jana.
- Ondoren: Alaiki taldearekin dantzaldi-parranda.
Azaroak 11, igandea:
- 10:00: Meza Nagusia.
- 11:00: Hamaiketakoa Arrikutz elkartean.
- 12:30: Toka txapelketa herrikoia, plazan.
- 19:00: Patata tortilla lehiaketa, plazan.
- 20:00: Festa amaierako suziriak.