Igartzako jauregian, 19:00etan izango da aurkezpena. Jon Kortazar historialariak 1900 eta 1945 urte arteko Beasaingo historia jaso du. Bihartik aurrera 20 euroan salduko dute
Gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian
Beasain: Oroimen historikoa liburua aurkeztuko du Jon Kortazarrek; 1900 eta 1945 urte bitarteko Beasaingo historia lau liburukitan jaso du: 1900-1931, 1931-1936, 1936-1937 eta 1937-1945 epeetan.
Kortazarren esanetan, lehenengo liburuan, «XX. mende hasieratik 1931 urtera artekoa da, garai horietan hasi baitzen Beasain eraldatzen, eta finean, herri bezala, industria bihurtu zen herriaren oinarri ekonomikoa, honek dakartzan eraldaketa sozialekin».
Bigarren liburukia 1931 eta 1936 artekoa da: «Hor islatzen da garai hartako Beasainen osakera politikoa. Izan ere, Errepublika garaian, Gipuzkoa osoan ezkerreko gehiengo bat zuen udalerri apurrenetakoa izan zen Beasain. Beraz, garai honetan, Beasaingo herriaren parterik handienak bere asmo politikoak bete zitezkeela uste zuen».
Hain zuzen ere, «horrek azaltzen du hirugarren liburukian azalduko duguna. 1936-37 artean Beasainen kolpistak sartzea, egindako sarraskiaren inguruko zergatiak, zehaztasunak eta datuak eta, baita ere, gudako fronteen inguruko informazioa azaltzen ditut. Bertan ikusten dugunola hemen gertatutako aurreko gertakari konkretu bat baino, Beasain ezkerreko gehiengodun herri bat izatea izan zela kolpisten herra sortu izan zuena».
Azkeneko kapitulua 1937 eta 1945 artekoa da, «hau da, frankismoaren lehen urteetan Beasain nola bizi izan zen azaltzen dugu: botere berriaren propaganda saiakerak, gosea, kontrol soziala, euskararen kontrako errepresioa eta abar. Azken liburuki honetan ere, izenen zerrendak izango ditugu».
Ahozkoa eta artxibokoa
Batez ere bi iturritatik jaso du informazioa: «Alde batetik ahozko iturrietatik, 1936ko uztaileko egun beltz hartan gertatu zena kontatu digute, eta frankismoaren urteei buruzko
beasaindar arruntaren ikuspegia ere azaldu digute. Kontuan izan behar dugu dokumentu idatzietan normalean pertsona gehienak, populazioaren parterik handiena (politikan parte hartzen ez duena, baina politikak egunerokotasunean eragiten diona) ez dela azaltzen».
Bestetik, idatzizko dokumentuei dagokienez, Beasaingo Udal Artxibategiko eta Ferrolgo (Galizia) Artxibo Militarreko dokumentuak arakatu ditu. «Ferrolen dagoen Artxibo Militarrak epaiketa militarren (guda kontseiluen) inguruko datu anitz biltzen ditu, eta han beasaindar askoren espedientea topatu ahal izan dugu». Kortazarrek aurreratu duenez, batez ere «errepresioari buruzko datu ugari topatu» dituzte Beasainen bertan ere. «Beasaingo udal frankistak bazuen herritarrak zelatzatzeko
Batzorde txostengilea; ehunka herritarri buruzko txostenak egin zituen».
Modernitatearen zutarria
Kortazar historialariak nabarmendu nahi izan duenez, «lan hau ez da garai horiei buruz idatzi den lehenengoa, baina bai ikuspegi oso batetik idatzi den lehena. Egia da 1936ko uztailaren 27 eta 28 artean gertatu zena ia beasaindar denek ezagutzen dutela; baina aurreko eta ondorengo urteen ingurukoa lehen aldiz ekarri dugu modu idatzian, beraz, hemen agertzen diren datu asko erabat berriak izan daitezke irakurlearentzat».
Bi adibide ekarri nahi izan ditu gogora. Batetik, «Errepublika garaian Beasain Gipuzkoako modernitate sozial eta ekonomikoaren zutarrietako bat izan zela. 1930ean bi fabrika bakarrik zeuden Gipuzkoan 1.000 langile baino gehiago zituztenak: Arrasateko Union Cerrajera eta Beasaingo CAF. 1936an, Beasainen lau alderdi politiko, lau langile-sindikatu, bi nekazal sindikatu, hainbat aisialdi talde eta abar zeuden».
Eta bigarren adibidea, Arriaranekin lotutakoa da: «Arriaranen
Baserri-eskola txikia eraiki zenGipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Baserri auzoetan bizi ziren umeei eskola eskura emateaz gain, euskaraz irakasteko lehen saiakera sistematikoa izan zen. Gipuzkoan 20 bat eraiki ziren diktadurak proiektua bertan behera utzi aurretik; 100 eraikitzeko proiektua bazegoen arren».
20 euroan salgai
Beasain: Oroimen Historikoa liburu bilduma 20 euroan jarriko dute salgai bihartik aurrera. Mirentxu liburu dendan, Jon Aranburu egunkari saltzailearenean eta udaletxeko Kultura Sailean.