Jokin Lasa: «Inspirazioa ez da zerutik erortzen, lanean ari zarenean dator»
Bi urteko prozesu luze baten ondorioz sortutako lana da 'Hamaika gezur' diskoa. Kaki Arkarazo herrikidearen laguntza izan du lazkaotarrak kantuei noranzkoa ematerakoan.Gustura gelditu al zara diskoarekin, azken emaitza ikusita?Bai, urteetako lanaren on...
Bi urteko prozesu luze baten ondorioz sortutako lana da ‘Hamaika gezur’ diskoa. Kaki Arkarazo herrikidearen laguntza izan du lazkaotarrak kantuei noranzkoa ematerakoan.
Gustura gelditu al zara diskoarekin, azken emaitza ikusita?
Bai, urteetako lanaren ondoren sortutako emaitza da. 2016 urtean hasi ginen lehen grabaketekin eta aurtengora arte luzatu da azkenean. Denborarekin hartzea gustatzen zait prozesu guztia eta epe baten barruan amaitzea.
Ez naiz grabatutakoa berehala argitaratu zalea, baizik eta denbora bat pasata berriro entzutea gustatzen zait.
Autokritika moduko bat egiten diozu orduan zure diskoari kaleratu aurretik?
Hori da, nahiz eta grabaketetara ahalik eta ondoen eraman prestatuta, denbora batera, berrentzutean ez zaitu guztiz konbentzitzen. Argitaratu aurretik beti aldatzeko aukera izatea gustatzen zait, eta horregatik luzatzen da guztia.
Zer aurkituko du entzuleak lan honetan?
Izenburuak dioen bezala, hamaika kanta biltzen ditu diskoak eta denetik dagoela esango nuke. Bizi garen garaiari kritika modukoa egiten diot, gertatzen diren gauza askok intimismorako biderik ez dutela ematen iruditzen zaidalako gaur egun.
Kantuak hortik doaz bideratuta, egungo gizartearen analisi moduko bat egiten dut, baina ez doa guztia ildo beretik.
‘Hamaika gezur’ izenburua nondik dator?
Bertako kanta kopuruari erreferentzia egiteaz gain, hamaika zenbakiaren esanahiarekin berarekin jokatu nahi izan dut. Baina beste irakurketa baterako tartea ere uzten du, asko direnaren kontzeptua esaterako.
Gezur hitza bera ere esanguratsua iruditzen zait. Politikari, enpresari… Goitik daudenek botatzen dituzten gezur borobil horiei erreferentzia egiten diet. Gizarteak nola sinesten duen alde batetik, eta baita literatura ere badagoelako kantuetan.
Zer musika mota dago entzungai disko honetan?
Pop-rock taldeen gisako musika dago, gitarrarekin, bateriarekin eta baxuarekin osaturiko oinarria abiapuntutzat hartuta. Harmonizazio aldetik izango litzateke hori. Ondoren, erritmo aldetik kantu biziago zein lasaiagoak dauden arren, balada geldoetan oinarritzen da diskoa. Ez dira kantu oso biziak, bizpahiru kenduta.
Zer transmititzea gustatuko litzaizuke lan berri honekin?
Nik bizi eta ikusten dudan horretan, gaurko garaiarekiko kritikotasun horretan, entzuleak ere bat egitea bilatzen dut. Bizimodu monolitikotik atera, eta ematen digutenetik harago pentsatzea gustatuko litzaidake. Ematen eta saltzen digutena hartu eta norbere iritzia sortzea da helburua.
Andoaingo Garate Estudioetan grabatu duzu diskoa. Zein prozesu eraman duzu?
Ez dut uste ohikoena izaten denik, baina 2016 urtean hasi ginen grabaketekin. Astebete inguruan grabatu genituen oinarriak eta gero pixkanaka joan ginen gauzak gehitzen.
Kaki Arkarazok gehitu zizkion gitarra elektriko eta akustikoak, koru batzuk ere gerora batu zitzaizkion, eta haizezko instrumentu batzuk ere aurki ditzakegu kantaren batean, baita txalaparta ere.













