CAF-ek amianto kasuen aurrean duen jarrera salatu dute langileek
CAFeko Beasain eta Irungo langile batzordeek, enpresak amianto kasuen aurrean duen jarrera salatu dute, eta amiantoak eragindako gaitzak “laneko gaixotasun bezala” onar ditzala eskatu diote zuzendaritzari.
Auzitegietatik etorritako azken albisteak daude eskaera berri honen atzean. Pasa den urrian, EAEko Auzitegi Gorenak Celestino Tolosaren laneko gaixotasuna onartu zuen. Sententzia hartan, “Gizarte Segurantzak ordainketaren erantzukizuna bere gain” hartu behar zuela zioen, eta CAF enpresak, “eragindako kalteengatik, oraindik zehazteko dagoen zenbateko garrantzitsu bat” jarri beharko zuela. CAFek ordea, errekurtsoa jarri dio erabaki horri, eta horrek eragin du langileen haserrea. “Beasaingo eta Irungo CAFekko komiteetatik, berriro CAFeko zuzendaritzak hartu duen jarrera salatu nahi dugu. Era berean, familiari gure erabateko babesa azaldu nahi diogu”.
Joan den apirilaren 28an, amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz hildako lankideak omendu zituzten Beasainen. Ekitaldi hartan, “Amiantoarekin lan egin zuten langileei laneko gaixotasun izaera” onartzeko eskatu zioten enpresari; ez hori bakarrik, baita “egindako mina onartu eta inongo tramite judizialik aurrera eraman gabe” kalte ordainak eman ditzala ere eskatu zioten.
CAFeko batzordeek “aurrez aipatutako eskaera hauek berriro luzatu eta zuzendaritzari bere jarrera behingo alda dezala” eskatu diote, eta “dagokien ardurarekin kontsekuente” izan daitezela.