Luis Sanchez Granjel mediku-historialariaren biografia aurkeztu dute, Segurako historiarako
Segurako udaletxean, gaur eguerdian aurkeztu dute Vida y obra de Luis Sánchez Granjel liburua. Luis Sanchez Granjel (Segura, 1920 – Salamanca, Espainia, 2014) mediku, idazle eta medikuntzaren historialari ospetsuari buruzko biografia da. Jose Maria Urkia mediku eta medikuntza-historialariak idatzi du, eta Salamancako Unibertsitateak agitaratu –hango irakasle izan zen Sanchez Granjel–. Segurako alkate Eñaut Telleriak, Urkiak, segurar medikuaren seme Gerardo Sanchez-Granjelek eta Salamancako Unibertsitateko argitalpen zerbitzuaren zuzendari Jose Luis de las Herasek parte hartu dute aurkezpenean.
Ororen gainetik, Luis Sanchez Granjelen segurar eta euskaldun nortasuna aldarrikatu dituzte lau hizlariek. Segurako medikuaren semea zen, aita Bejarkoa (Salamanca) eta ama Galiziakoa. 12 urterekin utzi zuen sorterria, aitak Bejarren hartu zuelako mediku lana. Baina, 2014ko azaroaren 29an, 94 urteko hil zen arte, beti segurarra zela esaten zuen.
Mediku ikasketak egin, eta urte batzuetan jardun zuen psikiatrian. Baina berea letrak eta historia ziren. Medikuntzaren historialari modura, aitzindari izan zen. Espainiako medikuntzaren historia ikertu, ikasi eta zabaldu zuen. 60 liburu baino gehiago idatzi zituen, tartean 14 liburukiko Historia de la Medicina Española (1962-1975), gaur-gaurkoz oraindik errefente dena.
Euskal Herriari zion maitasunagatik eta loturagatik, Euskal Herriko medikuntzaren historia aztertzeari ekin zion, 1980tik aurrera. Bilbon zentratu zen lehenik, eta, 1990etik aurrera, Jose Maria Urkia bera lagun zuela, Gipuzkoara bildu zen. Betidanik mantendu izan zuen Segurarekin harremana, Gerardo Sanchez-Granjel semeak gogoratu duenez. “Segurako seme sentitzen zen. Gure aitaren espiritua Seguran dago, hemen jarraitzen du hark bizi izaten”.
Literaturari ere arreta handia ipini zion, batez ere 1898ko Belaunaldiari. Idazle euskal herritarren lana bereziki goxatu zuen. Luis Sanchez Granjelek berak, 2009an Segurako Udalari utzi zion bere biblioteka pertsonalaren zati bat, 250 liburukoa, euskal gaiez ziharduten lanena. Hil ondoren, eta bere eskariz, familiak beste 600 liburuko funtsa dohaintzan eman zion Segurako herriari. Orain, eta gaur semeak jakinarazi duenez, 98ko euskal idazleen eta haiei buruzko lanen liburuak ere emango dituzte; datorren astean formalizatuko dute dohaintza. Beste 140 bat liburu dira, tartean, 1810ean euskaraz argitaratutako katexima bat.
Vida y obra de Luis Sánchez Granjel liburua 15 euroan jarri dute salgai. Lehen aurkezpena urriaren 18an egin zuten, Salamancan. Madrilen, Espainiako Medikuntzaren Errege Akademian –hango ohorezko kide izan zen–, azaroaren 29an egingo dute aurkezpena. Baina ezagutu zutenek gaur ziurtatu dutenez, “Seguran gaur egin dugun ekitaldia izango zukeen gustukoen”. Segurak 2002an egin zion omenaldia Sanchez Granjeli.