Legazpiko Domingo Agirre ikastetxeko jangelan iaz proba egin zuten eta, emaitzak ikusita, aurten martxan dira Erlaxazio Saioak
Domingo Agirre eskolako jangelan lasaitasuna heda zedin metodo bat baino gehiago erabili izan dituzte. Bakar batek ez zuen funtzionatu. Hala erlaxazio teknikak erabiltzeko hautua egin zuten iazko ikasturtean eta, emaitza onak izan dituela ikusita, aurtengo ikasturtearen hasieratik martxan jarri dituzte eskolako jangelan.
Aurretik funtzionatu ez duten metodoak dira, esaterako, monitoreak eskua altxatu eta haur guztiak altxatzea isiltasuna lortu arte, edota zaratak neurtzen zuen semaforoa, beti gorri zegoen, ordea. Eskolako Jangelako Batzordeak eta Guraso Elkarteak antolatuta, Erlaxazio Saioak eskaini zituzten eskolaz kanpoko jardueren artean, baina talderik sortu ez zenez, eskola orduetan saiakera egiteko apustua egin zuten.
Lehen Hezkuntzako maila guztietako ikasleek 45 minutuko saioak egiten dituzte astean behin, batzuek bazkaldu aurretik eta beste batzuek ostean. Saioetan jolasa, yoga, arnasketa teknikak eta abar uztartzen dituzte. Diotenez, pazientzia, konfiantza, oreka eta epairik ez egitea lor daiteke.
Iazko esperientzia ontzat eman zuten haurrek emozioak eta gatazkak bestela kudeatzeko erremintak zituztela konturatu zirelako eta, jangelara sartzerakoan jarrera lasaiagoa zutela kontuan hartuta, aurten martxan dira jada Erlaxazio Saioak Domingo Agirren.