Garaipen bat eta podiumeko bi postu ekarri dituzte goierritarrek Karrantzatik
Karrantzako Ziklokros Proba jokatu dute asteburuan, Espainiako Ziklokros Koparako lau proba puntuagarrietako bat. Hiru txirrindulari goierritarrek lortu dituzte podiumeko postuak. Jon Urteaga Sasoian taldeko idiazabaldarra izan da garaipena lortu duen bakarra; Master 30 kategorian irabazi baitu. Juan Jose Romero taldekideak berriz, 3. postua lortu du M40 kategorian. Eta M50ean, Telleriarte elkarteko Aitor Zabaletak bigarren egin du.
Espainiako Ziklokros Kopa lau probak osatzen dute; Karrantzakoa hirugarrena izan da, eta abenduaren 16an Valentzian jokatuko den laugarren eta azken proban erabakiko dira Koparen irabazleak nor diren.