Denok elkarrekin, Urretxu lagunkoiago baten alde
Gure herrietako bizi kalitatea hobetzea guztion esku dago. Guztiok egin dezakegu zerbait bizilagunen alde eta guztiok gara beharrezko. Eusko Jaurlaritzak, Matia fundazioak eta udalek Euskadi Lagunkoia egitasmoa jarri dute abian
Gure herrietako bizi kalitatea hobetzea guztion esku dago. Guztiok egin dezakegu zerbait bizilagunen alde eta guztiok gara beharrezko. Eusko Jaurlaritzak, Matia fundazioak eta udalek Euskadi Lagunkoia egitasmoa jarri dute abian gure herrietako bizi kalitatea, bereziki adinekoena, bizilagun guztien artean hobetzeko. Atzo Urretxuko diagnostikoa aurkeztu zuten. Bertan, Urretxu lagunkoiago bat lortzeko hainbat neurri aurreikusten dira. Horiek martxan jartzeko lan talde bat sortu nahi da eta udalak herritarrei deia luzatu die.
Diagnostikoa egiteko, herriko elkarte ezberdinei inkestak egin zizkieten: Aterpe, Harizpi, Mairi… Herritarrek etxebizitzan, irisgarritasunean, osasun arloan… ikusten dituzten gabezien berri eman zuten. Ondoren, lan talde bat sortu zen.
Diagnostikoan hobetu beharreko gauzak jaso dira, arlo ezberdinetan. Arlo orokorrari dagokionez, bidegorriko bankuen inguruan garbitasuna sustatzea, komun publiko gehiago jartzea eta gizalegearen aurkako jarrerak ematen diren tokietan zainketa areagotzea proposatu da, besteak beste. Parkeak ere aztertu dituzte. Aulki gehiago jartzea, parke osasungarrian landare-hesi bat ipintzea… eskatu dute, besteak beste.
Kaleetan, espaloi irristakorrak berritzea, Iparragirre plazari bizia ematea… eskatu dute. Segurtasunaz ere hitz egin dute. Kultur etxe atzeko parkeko argiztapena hobetu behar dela aipatu dute.
Auzoei dagokienez, garbitasuna sustatu behar dela eta Mundo Mejorren irisgarritasuna hobetu behar dela uste dute. Eraikin publikoetan, berriz, Zumarragako eta Urretxuko kiroldegien kuotak bateratzeko beharra ikusi dute. Igerilekura joateko autobus bat jartzea eta museoan jarduera gehiago antolatzea ere proposatu dute.
Garraioa
Garraioari dagokionez, Auzobusaren maiztasuna handitzea, trenetako oztopo arkitektonikoak kentzea, bidegurutzeetatik gertu dauden pasabideak kentzea eta bidegorrian oinezkoen gunea eta bizikletena bereiztea eskatu dute, besteak beste.
Bizilagunen arteko harremana ere aztertu dute. Belaunaldien arteko harremana sustatzea komeni dela uste dute. Baita boluntariotzari bultzadatxoa ematea ere.
Diagnostikoa egin ondoren, bertan jasotako gabezia guztiei aurre egitea tokatzen da. Udala eskaera guztiei erantzuten saiatuko da, baina bizilagunek jarraipena egitea beharrezkoa da. Hori dela eta, lan taldea indartu nahi da. Egitasmo hau dinamizatzeko, udalak Bizipoz enpresa dinamizatu du. Urretxuarren esku dago denen artean herria hobetzea.