Euskal literaturan eta kulturgintzan ibilbide oparoa egindako Xalbador Garmendia Etxeberria gaur hil da. Zaldibian jaioa 1932ko irailaren 20an, Anoetan (Gipuzkoa) bizi zen. Idazle eta itzultzaile lan egin zuen. Euskaltzain urgazlea ere bazen.
Antzerkigintzan hasi zuen euskarari ekarpen bikaina egin dion bidaia, 1960ko hamarkadan.
Historia triste bat antzezlana idatzi, eta 1965eko uztailaren 1ean egin zuten jende aurrean. 1969an argitaratu zuten, Gabriel Arestik koordinatutako ‘Euskal elerti 69’ bilduman. Antzerkia berritzea izan zen bere kezketako bat, eta, berrikuntzaren bidean, mugarritzat hartzen da Garmendiaren Hi
storia triste bat.
Ikasketa erlijiosoetan murgildu zen, umetan. Tolosako Sakramentinoetan lehen ikasketak egin zituen. Musika ere ikasi zuen han, Martin Gorostidirekin eta Casimiro Eguesekin. Ikastetxeko organista izan zen, baita gero ibili zen Iruñeko eta Erromako ikastetxeetan ere. Donostiako Antiguako elizako organista izan zen, baita bizileku zuen Anoeta herrikoa ere (baita helduen abesbatza zuzendu ere). Musika zaletasuna sorterrian ere aplikatu zuen: 1968an abesbatza bat sortu zuen Zaldibian, eta haurrei musika erakusteko klaseak antolatu zituen.
Iruñean jarraitu zuen ikasketekin, eta Erromako Unibertsitatean Teologia egin zuen. Euskal Herrira itzulitakoan, Maulen (Zuberoa) bizi izan zen.
Itzultzaile modura, lan aipagarriak euskaratu zituen. Antoine de Saint-Exuperyren Printze txikia, esate baterako (1970). Edo Gabriel Garcia Marquezen
Heriotza iragarritako baten kronika, 1982an. Baita Albert Camusen
Gizon zuzenak ere (1967).
Eusko Kontseilu Nagusian (1978-1980) itzultzaile gisa lan egin zuen. Garai hartan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua euskaratu zuen. Hedabideetan zuzentzaile lan egin zuen,
Zeruko Argia-n lehenbizi, eta
Egin egunkarian euskara arduradun geroago.
Literatura-sorkuntzari dagokionez, 1990ean haur eta gazte literaturarako
Beltza! Beltza! lana argitaratu zuen (Erein).

Xalbador Garmendia Etxeberria (Zaldibia, 1932–Anoeta, 2018), zaldibiar idazle eta itzultzailea. /Tolosaldeko Ataria