'Director Z, el vendedor de ilusiones' Tejedorrek (Legazpi, 1968) ondu duen azken dokumentala da. Lan horri buruz, Zabalza zine zuzendariari buruz eta zinea sortzeko egun dauden zailtasunei buruz aritu da.Orain arteko sormen ibilbidean dokumentalak egi...
Director Z, el vendedor de ilusiones Tejedorrek (Legazpi, 1968) ondu duen azken dokumentala da. Lan horri buruz, Zabalza zine zuzendariari buruz eta zinea sortzeko egun dauden zailtasunei buruz aritu da.
Orain arteko sormen ibilbidean dokumentalak egin dituzu fikzioa baino gehiago. Zergatik?
Fikzioa film laburretan jorratu dut, zazpi egin ditut eta hala engainatu dut nire fikzio gosea. Gustukoa dut, baina baliabide asko behar dira fikziozko film luze bat egiteko. Dokumentalak sortzeko, berriz, balio anitzeko lantalde txiki batekin molda zaitezke.
Fikzioa egiteko lan antolaketan, gainera, hierarkia handia ezartzen da eta niri ez zait hori asko gustatzen. Gurean, inplikazioa handiagoa da. Nik gustuko dut hartu-eman zuzena, horrek elikatzen nau.
Nolatan egin zenuen topo Jose Maria Zabalza (Irun, 1928-1985) zine zuzendariarekin?
Nik ez nion proiektuari ekin. Beste zuzendari bat hasi zen, baina ezagutzen ez ditudan arrazoiengatik utzi egin zuen eta niri aurkeztu zidaten. Ordura arte ez nuen Zabalzaren berri. Beste zuzendariak idatzitako gidoia irakurri nuen eta ez zitzaidan gehiegi gustatu Zabalzaren karikatura bat egiten zuelako; haren akatsetan eta okerretan sakontzeko bidea hartu zuen.
Baina zer edo zerk erakarri zintuen.
Pertsonaia berak. Oso gizon apasionatua izan zen. 1950eko hamarkadan Madrilera joan zen eta han Ekonomia zein Zinea ikasi zituen; Zinea ezkutuan ikasi zuen. Zineak harrapatu zuen, askori gertatzen zaigu, eta pasioak bultzatuta egin zuen aurrera, Zabalzarentzat ez zegoen hesirik, ezta oztoporik ere. Nire burua haren ispiluan ikusi nuen.
Beste pasadizo bat ere gertatu zen. Donostiako Zinemaldiaren garai bateko argazki bat ikusi nuen. Argazkian François Tru-ffaut zuzendariarekin batera agertzen da Zabalza, biak esmokin zuritan jantzita. Argazki hartan garailea eta galtzailea ikusi nituen. Argazki horrek proiektuarekin aurrera egiteko erabakia hartzera bultzatu ninduen. Zinea entzun eta dena glamourra dela uste dugu, aitzitik, lan asko dago tartean. Nik Zabalzaren istorioa berreskuratuta, gaur goran bihar behean dauden Zabalza askoren istorioa kontatu nahi izan dut.
Nor izan zen Zabalza?
Ausarta izan zen, zorotxoa, egonarri gutxikoa, oraina bere ametsetan proiektatuz gizartearen ertzean bizi izan zen. Egun zinegileok gure lana azaltzeko arazoak baditugu, pentsa 1950eko hamarraldian nolako trabak egongo ziren.
Zailtasun horiek kulturaren esparru guztiak ukitzen dituzte. Munduari begiratzeko modu ezberdin hori sarritan ez dago ongi ikusita. Gurean dena emaitzaren arabera neurtzen da. Oraindik gizarteak artista modu peioratiboan ikusten du, baina zerk elikatzen du arima? Zabalzak hori guztia irudikatu zuen.
Dokumentazio lan handia egingo zenuen.
Dokumentala tesi baten modukoa da, azkenean zure bihurtzen duzu. Informatu egin behar zara eta zure erraien galbahetik pasatzen duzu jasotakoa. Zentzua ematen diozu eta zuk aurkitu duzun zentzu hori transmititzen saiatzen zara.
Zabalzaren dokumentala egiteko Gurutz Albisu ezagutzeko parada izan nuen. Harena da Zabalzari buruz idatzita dagoen liburu bakarra eta liburu hori izan zen nire abiapuntua.
Zuk ez duzu Zabalzaren karikaturarik egin.
Nik Zabalzaren akatsei edo okerrei azpimarra egin baino, haren biografiako mugarriak nabarmendu ditut, zinegilea berezi egin zutenak. Esate baterako, aldi berean hiru film egin zitueneko pasartea edo film bat egun bakarrean egin zuenekoa. Madrilgo zine eskolako bigarren belaunaldiko kidea izan zen, haren aurretik Berlanga eta Bardem, ondoren Saura… Hasieran autore filmak egin zituen, baina zentsurak irentsi zituen eta porrot ekonomikoa eragin zioten. Zorpetu egin zen. Gero bestelako kontsumo filmak egin zituen. Tamalez, bigarren etapa horregatik gogoratzen dute gehiago.
Zein baldintzatan egin duzue lan zuek dokumentalean?
Zabalzaren estiloan egin dugu. Ausardia behar izan dugu, produkzioa oso prekarioa izan da. Zazpi egunetan errodatu dugu. Etxean muntatu dugu. Gure zailtasunek Zabalzarenak potentziatu dituzte. Trabei esker ikasten da batzuetan, eskerrak istorioak kontzeko pasioari!