«Ez gara jabetzen euskara gure izaeraren parte dela, eta ez dugu zaintzen»
Nasreddine Azouzout lazkaotarra ‘Ahobizi’ izango da 11 egunez. Errutina ez du asko aldatuko, euskaraz bizi baita. Marokon jaio zen Azouzout (Taourirt, 1997), ...
Nasreddine Azouzout lazkaotarra ‘Ahobizi’ izango da 11 egunez. Errutina ez du asko aldatuko, euskaraz bizi baita. Marokon jaio zen Azouzout (Taourirt, 1997), baina gazte heldu zen Lazkaora. Euskaraz hazi dela dio, eta bere izaeraren parte dela.
Zein harreman duzu euskararekin?
Hiruzpalau urterekin etorri nintzen Euskal Herrira. Aurrena Beasainen bizi izan nintzen, eta gero Lazkaon. Eskolan ikasi nuen euskaraz, gainerako ikasleekin batera. Beraz, euskararekin harremana ia betidanik izan dudala esan dezaket.
Lazkaoko Euskaraldiko ‘hamaikakoa’-n zaude. Nolatan?
Ariketa polita da euskarari behar duen bultzada emateko. Aukera ona da trebezia gutxi duenak praktikatzeko, lotsak galtzeko, ohiturak aldatzeko…. Gainera, Goierri bezalako eremu euskaldun batean euskarak gizartean integratzeko balio du.
Lazkaoko gazteen artean euskaraz egiten da?
Gaztelania geroz eta gehiago erabiltzen da. Ez gara jabetzen euskara gure izaeraren parte dela, eta ez dugu behar adina zaintzen.
Zure hizkuntza ohiturak nolakoak dira?
Etxean gurasoekin arabieraz hitz egiten dut, baina kalean euskaraz jarduten dut: euskaraz ikasten dut, euskaraz lan egin, futbolean, kuadrillan…
Euskarak nolako pisua du kiroletan?
Kaleko ohiturak zelaira eramaten ditu jendeak, eta asko entzuten da gaztelania. Gainera, futbola gaztelaniaz ikusten dugu telebistan, eta gaztelaniazko teknizismoak barneratzen ditugu.