Majoriko obrekin astelehenean hasiko direla esan du udalak
Lehenengo faseko lanak dira, eta barruko sarbideetan eta atxikitako eraikinean egingo dira .2.833.490 eurokoa da kostua eta lanak 18 hilabete luzatuko dira
Santamariak gogora ekarri zuen azken bi urteotan kirol azpiegiturak berritzen eta berrantolatzen hasteko egindako lana eta prozesua. «2016an kronograma bat landu genuen Majoriko kudeatzailearekin batera, oro har epeak ezartzeko eta herritarren parte hartzea zehazteko. Lehenengo bilerak kiroldegian lan egiten duten pertsonekin egin genituen, 2016ko urrian».
Hurrengo hilabetean herritar guztiei zabaldu zitzaien parte hartzeko aukera; horretarako, online inkesta bat egin zen, eta elkarrizketa txanda bat ere egin zuten erabiltzaileekin, abonatuekin eta kirol taldeekin.
Prozesuaren hurrengo urratsa kirol azpiegituren mahaia eratzea izan zen. Mahaiak egin dituen ekarpenak «proiektuaren bizkarrezurra» dira.
Espazio berrien sorrera
Majoriko kirol instalazioak hiru solairu ditu, eta premia handienak zeintzuk diren zehaztu ditu Ordiziako Udalak: «Instalazioak ezin dio hainbat zerbitzuk duten eskaerei erantzun, eta kirol eskaintza zabalduko duten espazio berriak egokitu behar dira nahitaez». Bestetik, «hainbat jarduera fisiko eta kirol jardueratarako aretoak falta dira, dagoen eskaera kopurua asetzeko».
çGainera, «espazioen banaketak ez du aukerarik ematen gehien eskatzen diren jarduerei behar bezala erantzuteko». Horrez gain , «barrualdeko ibiltarteak ez dira argiak eta intuitiboak, eta komunikazio bertikala ez da egokia». Azkenik, «irisgarritasun arazo larria dago, ez baitago mugikortasun urria duten pertsonei zerbitzua emango dien igogailurik».
Majoriko kirol instalakuntzetan burutuko diren esku-hartzeen artean, honako hauek azpimarra daitezke: taberna eremua lekuz aldatuko da eta kokapen berritik bi joko pistak ikusi ahal izango dira; halaber, gune horretan itxarote eremu bat egokituko da, kantxarekiko edo zirkulazio joan-etorriekiko independentea; ibiltarteak, sarbideetako kontrola eta irisgarritasuna (igogailua jarrita) hobetuko dira; eta azkenik, atxikitako eraikinaren konfigurazioa eta erabileren banaketa egingo da, hala, kirol anitzetarako kantxa egingo da eta gimnasioa, aldagelak eta erabilera anitzeko areto berriak egingo dira













