Maskotak erizain lanetan
Eritasun larri bati aurre egiteko ezinbestekoa da hurkoen laguntza, horietako batzuen kasuan, maskotena ere bai. Hainbat adituren ustez, ukaezina da etxeko animalia horien onura
“Gizakioi laguntzeko aldez aurretiko joera biologikoa dute txakurrek; nabaritu egiten dute zerbait ondo ez dagoenean” “Txorien txorrotxioak, adibidez, ikaragarri alaitzen du bakarrik bizi den adinekoaren etxea” Mabel Artziniega (Medikuntzan doktorea)Medikuak azaldu du kimioterapia tratamendua jasotzen ari denarentzat zaila izaten dela kalera irtetea, ahul egoteaz gain litekeena delako norbere itxurarekin lotsatzea. “Ilearekin edo gabe, betikoa izango zara maskotarentzat”, hasi du azalpena. “Gauzak datozen moduan onartzen ikasten da etxean maskota bat edukita; gaixotasuna, zahartzaroa eta heriotza, kasurako. Prestatu egiten gaituzte etorkizunerako”. Maskotaren eta gaixoaren artean hain harreman estua sortzen da, ezen elkar mimetizatzeko gai diren. “Hormonak hartuz ibili nintzen garai batean, eta goragalea eragiten zidan horrek. Etenik gabe egiten nuen botaka, eta hala hasi zen Trau ere. Albaitariarengana eraman genuen, baina ez zion topatu gaixotasunik. Hormonak hartzeari utzi eta osatu nintzenean, sendatu egin zen Trau ere”. Medikuak azaldu duenez, txakurrari hitz egitea ona delako sortzen da, agian, hain harreman estua. “Ingurukoei ez nien esaten beldurra nuenik, heriotza buruan nuenik. Baina Trau-ri bai, Trau-ri hitz egiten nion; berekin ez neukan beldurrik. Askotan galdetzen nion ea dena ongi aterako zen, eta nahiz eta ez zidan erantzuten, nahikoa nuen bere maitasun begiradarekin”. “Izaki bizidunak dira maskotak, eta gure arreta behar dute; oinarrizkoa da hori”, azpimarratu du mediku doktoreak. Jaten eman behar zaiela, garbitu egin behar direla, kalera atera… “Bizitza guztian” hori eta gehiago egin behar dela gogoratu du Artziniegak. Maskotek lana ematen dutela onartu du, baina sortzen duten bizipozak eta onurak merezi duela gaineratu du. Maskota ondo aukeratu Pazientzia ezinbestekoa dela ere azpimarratu du medikuak, maskotek denbora behar izaten dutelako ikasteko eta konfiantza hartzeko. Norberak bere egoerara ondoen egokitzen den maskota hautatu behar duela gaineratu du. “Eta adoptatu egin behar da beti, ez erosi. Txakurrez aritu gara bereziki, baina katuek ere balio dute gaixotasunei aurre egiteko. Eta txorien txorrotxioak ere ikaragarri alaitzen du bakarrik bizi den adinekoaren etxea”. Gaixotasunik izan ez arren, adinekoei etxean maskota bat izatea gomendatu die Artziniegak. “Horixe da bakardadearen aurkako erremediorik onena. Errutina bat izaten laguntzen dute, eta burua eta gorputza aktibo mantentzen”.