Haurrei zuzendutako bi ikus-entzunezko emango dituzte eta marrazki tailerra egingo dute ondoren
Hotz Legazpiko kideek pertsona errefuxiatuentzat neguko arropa bilketa egingo dute larunbatean. Hala, Zaporeak elkartekoek martxan jarritako ekimena Legazpiratuko dute Hotzekoek.
Arropa bilketa 11:00etatik 20:00etara egingo dute Azokan. Neguko arropaz gain, azpiko arropa berria ere jasoko dutela iragarri dute.
Larunbateko ekintza ez dute soilik arropa bilketara mugatuko. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, haurrei zuzendutako errefuxiatuen arazoari buruzko bi ikus-entzunezkoa eskainiko dituzte eta jarraian ikusi dutena marrazki bidez landuko dute umeekin. Egindako marrazkiak poltsa solidarioak eta liburuxka bat egiteko erabiliko dituzte.
Horrez gain, kultur etxean ikusgai jarriko dituzte. Egingo duten erakusketari
Errefuxiatuak: gaur zu, bihar ni? izenburua jarriko diote eta marrazkiekin batera beste objektu batzuk erakutsiko dituzte. Haur bakoitzak bere margoak eraman ditzala aholkatu dute.
Larunbateko arropa bilketan, arropa jaso ahala sailkatzeko asmoa daukate. Hotz Legazpikoek lan horretan laguntzeko prest dauden legazpiar guztiei deialdia egin diete larunbatean Azokara joan eta esku bat bota dezaten. Ez da aurrez izena eman behar, egunean bertan joanda nahikoa da.