Josu Perezek ‘Bikingoen lurraldeetan’ ikus-entzunezkoa emango du
Josu Perez mendizale, bidaiari eta argazkilari urretxuarrak Bikingoen lurraldeetan ikus-entzunezkoa emango du gaur, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ostadar taldearen Mendi Asteko bigarren emanaldia izango da. Perezek Lofoten irletara, Islandiara
Josu Perez mendizale, bidaiari eta argazkilari urretxuarrak Bikingoen lurraldeetan ikus-entzunezkoa emango du gaur, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ostadar taldearen Mendi Asteko bigarren emanaldia izango da.
Perezek Lofoten irletara, Islandiara eta Groenlandiara egindako bidaietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu. Duela 20 urte joan zen lehenengoz inguru hartara eta oraingoan hara egindako azken bidaietako irudiekin osatu du ikus-entzunezkoa. Lofotenen 2012an egon zen, Islandian 2016an eta Groenlandian 2018an.
Bost aldiz joan da bikingoen lurraldeetara. «Bidaiatzen hasi nintzenean, duela 30 bat urte, Norvegia sartu zitzaidan buruan. Duela 20 bat urte joan nintzen lehen aldiz, diapositiben garaietan. Fiordoetara joan nintzen. Ondoren, Nairobitarrarekin Islandiara joan nintzen. Beste hiru aldiz joan naiz, dagoeneko kamera digitalarekin».
Paisaiak eta lasaitasuna
Bertako paisaiak eta lasaitasuna estimu handian ditu. «Paisaiak zoragarriak dira. Bizimoduari dagokionez, bertakoek ez dute harreman handirik turistekin. Oso lasaiak dira eta etxean denbora asko ematen dute. Inuitak Mongoliatik datoz eta ezberdinak dira, baina beraiek ere ez dira turistengana gerturatzen. Afrikan eta Asian jendea askoz ere gehiago gerturatzen da turistengana».
Gaurko ikus-entzunezkoari dagokionez, Lofoten irletako arrantzale herriak eta mendiak, Islandiako natura «bizia» eta Groenlandiako izotza ikusi ahal izango dira. «Lofoten irletan eta Islandian furgonetaz mugitu ginen eta Groenlandian, berriz, itsasontziz. Munduko bigarren irla handiena da, baina %90a izoztuta dago».
Itzuliko dela dio. «Islandian oso trekking polita dago. Bost etapa ditu eta bi bakarrik egin ditut». Ez daki oraindik nora joango den hurrengo udan. «Aurten Kirgistanera joan behar nintzen eta azkenean Groenlandiara joan naiz. Ibiltzea gustatzen zait eta toki asko daude aukeran. Eskozian, Austrian, Himalaian, Kaukason, Afrikan… egon naiz. Interneten begiratuz aukeratzen dut jomuga. Halako bidaiak prestatzen dituzten agentzia asko daude. Bidaiatzeko modu errazena da».
Gaurko emanaldia Ostadarren Mendi Asteko bigarrena izango da. Atzo, Juan Mari Gabilondok Euskal Herriko mendiak ikus-entzunezkoa eskaini zuen. Bihar, 19:30ean Zelai Arizti aretoan, Aralar, mundua leku den lurra emango dute. Ostegunean haurrentzako argazki rallyko sariak banatuko dituzte (20:00etan Urretxuko Labeaga aretoan) eta ostiralean Joseba Iztueta gabiriarrak Denbora izeneko leku bat ikus-entzunezkoa emango du (20:00etan Zumarragako Zelai Arizti aretoan).