Ordiziako merkatariek 'Blue Friday' egingo dute
Ez dago beste konturik, saltoki handi guztiak ari dira Black Friday dela eta eskaintza bereziak egiten. Egun beltzaren ordez, Ordizian urdina izango da, ordea. Hala, Ordizian Merkatari Elkarteak, Blue Friday kanpaina antolatu du, Ordiziako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren laguntzarekin. Aste honetan herrian egiten diren erosketak saritu nahi dituzte, denen artean zotz egingo duten 750 euroko erosketa txartel batekin.
Ordiziaren 750. urtemugarekin bat egin du horrela merkatari elkarteak. 80 saltokitik gora dira kide, eta ostiral eguerdiko 13:00ak arte horietakoren batean erosketak egiten dituztenek parte hartuko dute zozketan. Erosketarekin batera emango duten eskuorria bete, eta Ordizian elkarteak Andra Mari kaleko 21. zenbakian duen bulegoko postontzian bota behar da. Zozketa, ostiral eguerdiko 13:15ean egingo dute; irabazleak, arratsalde horretan bertan jaso beharko du erosketa bonoa.