Ihurreko kirol gunea berritzeko 191.725 euro jarriko ditu aldundiak
Ihurreko kirol eremua berritzeko egitasmoa du Olaberriko Udalak. Guztira 540.633 euroko inbertsioa egingo du, lau fasetan banatuta. Aldundiak horren %35 lagunduko du diruz. Orain hiru fase garatuko dituzte: kirol zerbitzuetarako aldagela berria egokitu, padelerako 10×15 metroko bi pista egin, eta horiei estalkia ipini. 320.000 euro inguru kostatuko dira hiru lan horiek. “Aurrerago”, goialdean dauden bi tenis pista estaltzeko asmoa du udalak, laugarren fase batean.
Gipuzkoako kirol instalazio gehienak 1980ko eta 1990eko hamarkadetan eginak direla, eta “zaharkituak” daudela iritzi dio Itxasok. “Kirol ekipamenduak berritzeko beharra dute herriek, eta horiek lehenestea eskertzekoa da. Gipuzkoa da [Espainiako] estatu mailan eta nazioartean kirol gehien egiten den lurraldeetako bat. Udalen ahaleginari esker, herrian kirola egin ahal izateko ekipamenduak jartzeak balioa baitu”.
Gipuzkoan, Kirol Ekipamenduen 2017-2020 Planean, 55 herritan berrikuntzak egiteko asmoa du aldundiak. Erakunde publikoen artean (udalak + aldundia) 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da arlo horretan; aldundiak hortik 10,6 milioi bideratu ditu, diru laguntzetan.
Goierriri dagokionez, plangintzan lau motatako kirol azpiegiturak berritzea aurreikusten da, honako herrietan:
Olaberriko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Departamentuak diru ekarpena egiteko hitzarmena sinatu dute, gaur eguerdian, Olaberriko udaletxean. Aldundiak 191.725 euro emango dizkio udalari, Ihurreko kirol eremuan hainbat berrikuntza-lan finantzatzeko. Jokin Garmendia alkateak eta Denis Itxaso diputatuak sinatu dute ituna. Bi urtetan jasoko ditu udalak diru funtsak, aurten eta 2019an.
- Frontoiak: Altzagan, Araman, Ataunen, “Ezkio-Itsason”, Idiazabalen, Itsasondon, Legorretan, Mutiloan, Seguran, Zegaman eta Zerainen.
- Atletismoko pistak: Zumarragan.
- Bestelakoak (igerilekua): Urretxun.
- Kirol anitzeko espazioak: Legazpin, Olaberrian eta Ordizian.