Kalteberatasun eta aniztasunaren diagnostikoa egin dute Zumarragan
Zumarragako Udalak, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera, aniztasunaren eta kalteberatasunaren diagnostikoa egin du. Egitasmo honen helburua bizilagun ahulenen bizitza kalitatea hobetzea eta herri kohesionatu eta integratzaileagoa lortzea da. Diagnostikoa
Zumarragako Udalak, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera, aniztasunaren eta kalteberatasunaren diagnostikoa egin du. Egitasmo honen helburua bizilagun ahulenen bizitza kalitatea hobetzea eta herri kohesionatu eta integratzaileagoa lortzea da.
Diagnostikoa egiteko, 37 bizilagunei elkarrizketak egin dizkiete. Beste 25ek tailerretan parte hartu dute. Aurkezpen ekitaldian Mikel Serrano alkatea eta Parte Hartuz taldeko Igor Ahedo egon ziren, eta biek elkarrizketa eta tailerretan parte hartu duten bizilagunei eskerrak eman zizkieten.
Ahulenen zerrenda
Diagnostikoaren arabera, zumarragar ahulenak herrigunetik kanpo, bakarrik eta zailtasun ekonomikoekin bizi diren adinekoak, etorkin homosexualak, haurrak dituzten emakume musulmanak, menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileak, mugikortasun murriztua duten pertsonak, epe luzeko langabetuak eta langabezian dauden gazteak dira.
Parte Hartuz taldeko teknikariek horiekin guztiekin hitz egin dute. Elkarrizketatuen ustez, industriaren gainbeherak lan baldintzak okertzea ekarri du eta horrek ziurgabetasuna sortu du. Ziurgabetasun hori dela eta, ahulenak beraien artean borrokatzen ari dira lanpostuak eta gizarte laguntzak lortzeko. Hori dela eta, Parte Hartuz-en txostenean enpatia lantzea aholkatzen da.
Ahulenek ez dute itxaropenik. 40-50 urteko gizon langabetuek, zaintzaileek eta emakume musulmanek frustrazioa sentitzen dute; bertan senitartekorik ez duten etorkinek, adimen eta mugikortasun urritasuna dutenek, zaintzaileek eta adinekoek, berriz, bakardadea; gazteek eta etorkinek aurreiritzien biktimak direla sentitzen dute, eta emakumeek aukera berdintasun eza.
Horri guztiari aurre egiteko, txostenean parte hartze prozesu bat martxan jartzea proposatzen da. Instituzioek, elkarteek eta herritarrek denok elkar zaintzeko ekintzak diseinatzea gomendatzen da. Helburua ahulenek frustrazioa, bakardadea eta itxaropen falta sentitzeari eta aurreiritzien eta berdintasun faltaren biktima izateari uztea da.