«Ekimen interesgarria da eta fruituak eman ditzake»
Juanjo Aranburu zumarragarrak 44 urte ditu eta ATA harategiko nagusia da. Euskarak oso toki garrantzitsua betetzen du bere bizitzan. «Ama hizkuntza dut ...
Juanjo Aranburu zumarragarrak 44 urte ditu eta ATA harategiko nagusia da. Euskarak oso toki garrantzitsua betetzen du bere bizitzan. «Ama hizkuntza dut eta etxean beti euskaraz egin dugu. Ikasketak ere euskaraz egin nituen. Harategian, ordea, ezin dut beti euskaraz egin. Euskaraz ez dakiten bezero asko ditut».
Euskara sustatzearen alde dago eta bere harategiak euskalgintzarekin lotutako makina bat egitasmo babesten du. «Euskara gure hizkuntza da. Gainera, gainontzeko hizkuntzak bezala, altxor bat da. Jakintza aberasgarri bat. Euskara bultzatu nahi dugu, baina testuinguru batzuetan kosta egiten zaigu euskaraz hitz egitea. Euskaraz ondo ez dakitenak gaizki senti ez daitezen, beraien aurrean gaztelaniaz aritzeko ohitura dugu».
Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko balio dezakeela uste du. «Oso ekimen interesgarria da eta epe ertainera fruituak eman ditzake. Urretxu eta Zumarragan, jende askok, euskara jakin arren, ez du euskaraz hitz egiteko ohiturarik. Baina aurrerapauso handiak eman dira, haur guztiek euskaraz dakite eta Euskaraldia bezalako ekimenekin euskara gehiago erabiltzen ahalegindu behar dugu».