Ordizian eta Beasainen bat egin dute Mataza proiektuarekin, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra .Beasainen, 200 metroko bufanda erraldoia josi dute
Beasainen eta Ordizian harrera oso ona izan duen ekimena izan da Mataza proiektua. Azkeneko ostiraletan Ordizian, eta asteazkenetan Beasainen, pertsona ugari elkartu dira, puntua egiteko. Helburua, emakumeenganako indarkeriaren aurka ahalik eta bufanda handiena egitea da.
Asmube Elkartea izan da aurten Beasainen ekimen hau aurrera eraman duena. 30 bat pertsona elkartu dira astero Mataza proiektuan parte hartzeko. Pasa den larunbatean, pertsona bakoitzak egindako pusketak josi eta 200 metroko bufanda erraldoia lortu dute.
Ordizian, lehenengo aldiz egin dute bat ekimenarekin eta jende ugari mugitu du. Ostiraletan, udaletxeko arkupean bildu dira pertsona ugari puntua egiteko. Bestalde, ikastetxeetan ere harrera polita izan du, Jakintza. Oianguren eta Urdanetako ikasleek bat egin baitute. Gainera, puntua egiteaz gain, emakumeei eragiten dien gaien inguruan hausnarketa ere egin dute. Ordizian, bihar elkartuko dituzte bufanda osatzeko pusketa guztiak.
Astigarragan sortua
Duela lau urte baino gehiago jaio zen Mataza proiektua Astigarragan. Emakume talde bat puntua egiten hasi zen eta eguneroko ekintza honetatik abiatuta, indarkeria sexista errotik ezabatzea aldarrikatzeko modua aurkitu zuten.
Horrela, abian jarri zen sarea, denboran iraunkorra izan zedin, emakumeen artean ahizpatasuna bultzazuz, eta indarkeria matxistaren aurka gizonen jarrera aktiboak ere sustatuz. Mundu osoan zehar ari da zabaltzen proiektua, Nahikoa da! oihua bazter guztietara helaraziz.