Mayi Mujika: «Espainiako eta Munduko kopetan parte hartuko dut»
Mayi Mujika (Legazpi, 1988) mendiko korrikalariak lehen denboraldia egin du selekzioarekin. Emaitza bikainak lortu ditu. Asteburuan Karakateko igoera irabazi zuen. Betidanik egin al duzu kirola? Denetik probatu dut. Umetan atletismoa
Mayi Mujika (Legazpi, 1988) mendiko korrikalariak lehen denboraldia egin du selekzioarekin. Emaitza bikainak lortu ditu. Asteburuan Karakateko igoera irabazi zuen.
Betidanik egin al duzu kirola?
Denetik probatu dut. Umetan atletismoa egin nuen, hamaika urtetan futbolean jokatu nuen… Urretxu-Zumarraga, Legazpi, Azpeitia eta Elgoibarko futbol taldeetan jokatu nuen. Taldea desagertzen zenean, beste batera joaten nintzen. Egun, mendiarekin lotutako kirolak egiten ditut: eskalada, mendiko bizikleta, mendiko eskia…
Noiz hasi zinen mendiko lasterketetan?
Futbola utzi eta bi urtera, 2016an, Goierriko Bi Handiak proban izena eman nuen, anaiarekin eta mutilarekin. Prestatzeko, lasterketa motzagoetan parte hartu nuen. Ondo moldatzen nintzela ikusi nuen.
Aurten emaitza bikainak lortu dituzu.
Hiru Handiak proban, Espainiako Kopan eta Zermatt-eko lasterketan hirugarren egin dut. Goierriko Bi Handiak proban ere parte hartu nuen, baina etxera bidali gintuzten eguraldi txarra zela eta.
Bestalde, igandean Karakateko igoera irabazi zenuen. Elgoibarren bizi zarela kontuan hartuta, oso garaipen garrantzitsua da.
Hala da. Lasterketa hau oso garrantzitsua da elgoibartarrentzat. Munduko txapelketa baino garrantzitsuagoa dela esaten dute. Irabazteak ilusio handia egin dit, noski.
Aurten euskal selekzioarekin korrika egin duzu.
Ez nuen espero euskal selekzioak deitzea. Sekulako ezustekoa hartu nuen. Proba garrantzitsuetan parte hartzeko aukera eduki dut: Zegama-Aizkorri, Limone… Selekzioan aritzea gauza handia da eta, gainera, sekulako giroa dugu.
Zeintzuk izango dira 2019ko erronkak?
Selekzioarekin jarraituko dut. Espainiako eta Munduko kopetan parte hartzea eskaini didate. Zegama-Aizkorrin ez dut parte hartuko, ez baita Munduko Kopan egongo.
Denbora gutxi daramazu mendiko lasterketetan. Zergatik gustatu zaizkizu horrenbeste eta zertan duzu hobetu beharra?
Mendian ibiltzea beti gustatu zait eta lasterketetako giroa sekulakoa da. Jaisten ondo moldatzen nintzela uste nuen, baina hobetu beharra dut. Baita ordekan korrika egiten ere.
Zein da zure ametsetako lasterketa?
Livignokoa oso polita dela diote. Zermatt-ekoa asko gustatu zitzaidan. Eguraldi txarra izan genuen, baina une batean argitu egin zuen eta Cervino parean ikustea sekulakoa izan zen.