Lau udaletako ordezkariek Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira adierazpena egin dute. Tokiko zerbitzuak hobetzeko konpromisoa hartu dute
Legazpiko udaletxeko batzar areto nagusian agerraldia egin zuten atzo Goierri garaiko lau udaletako ordezkariek adierazpen instituzional bateratua irakurtzeko. Aurtengo adierazpenaren ardatza biktimen erreparazio eskubidea da, eta har- tutako konpromisoak ildo beretik doaz. Bertan izan ziren Joxi Etxezarreta Ezkioko alkatea, Mikel Serrano Zumarragakoa, Koldobike Olabide Legazpikoa, Jon Luqui Urretxukoa eta Zumarragako zinegotzi Antxiñe Biain (EH Bildu) eta Unai Orbegozo (Irabazi). Guztien artean irakurri zuten adierazpen instituzionala. «Arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio eskubidean. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea».
Biktimizazioa bikoitza dela azpimarratu zuten, «emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten baita, zikindua eta isilarazia».
Izan ere, «badago lotura genero arrazoiengatik gertatzen den bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean». Areago, emakumeenganako indarkeria giza eskubideen urraketa gisa ulertu behar dela jaso dute adierazpenean.
Hala, biktimen erreparazio eskubidearen gainean lanean ari direla esan zuten Goierri garaiko ordezkari politikoek, «Berdinsareatik, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen saretik, indarkeria matxistaren aurrean udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari gara, Istanbuleko Hitzarmenaren markoa egokituz eta biktimen erreparaziorako toki praktikak garatuz».
Emakumeei ahotsa ematea «ezinbestekotzat» jo dute adierazpenean, «autoritatea eman behar zaie haien lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari».
Konpromisoak
Adierazpenak jasotzen duen konpromiso zerrendan lehenengoa zerbitzuak hobetzen laguntzea da. Hain zuzen, sostengu zerbitzuzko sare bat gauzatu eta emakumeei arreta osoa bermatu osatu daitezen, beti ere, ahalduntze feministaren eta banakako erreparazioaren ikuspegitik.
Konpromiso gehiago ere jaso dira. Bizirik atera diren emakumeei entzun, prebentzio zein segurtasun neurriak diseinatzeko. Emakumeen ondoan egon, laguntza zerbitzuetatik hasi eta bizi izandako indarkeriari buruzko haien errelatoa sortzeraino. Ekimen kolektiboei laguntza ematea eta biktimei salaketa eta erreklamazio prozesuetan laguntzea. Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazio ekitaldiak egitea. Elkarlanean jardun mugimendu feministaren ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektiboekin eta elkarteekin.
Adierazpen instituzionalarekin batera, udal ordezkariek azaroaren 25aren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deialdia egin zieten herritarrei.