Idiazabalgo larreen kudeaketa eredua bertatik bertara ezagutu du Pirinioetatik etorritako ordezkaritza batek. Ordiziako azokan ere izan dira baserritarrekin

Zaldibiako Goizane zentroan ere izan dira Green proiektuko ordezkariak.
Green proiektu mugakidean parte hartzen ari diren hainbat parketako ordezkariek Idiazabalgo larreetara eta Ordiziako D’elikatuz zentrora bisita egin dute, besteak beste. Tokiko kudeaketa eredua ezagutzea izan dute helburu nagusia. Pirinioetako hainbat puntutatik bertaratutako ordezkariak ziren: Katalunia, Frantziako hegoaldea, Andorra eta Euskadi.
Ordezkaritza honen bisitak, ardiaren esnearen elaborazio prozesua eta ondorengo gaztaren transformazio eta komertzializazioa zuen helburu nagusitzat, inguruko larreetan burutzen den esplotazioa ezagutzea eta hautematearekin batera.
Amelia Ortubay HAZIko teknikaria eta Green eta Life Oreka Mendian proiektuen koordinatzailea da. Berak adierazi duenez, «Idiazabalgo kudeaketa eredu ideala iruditu zaie beste parkeetako teknikariei», dena den, «ez da erraza hemen erabiltzen den metodoa beste lurraldeetara eramatea». Helburua «aprobetxamendu eta mantenuaren arteko oreka eta dibertsitatea mantentzea da, eta horregatik landu genuen, baita ere, Ordiziako azokan egiten den salmenta zuzena eta 0 Kilometroa».
Bi arrazoi ardatz
Idiazabal bisitatzeko bi arrazoi nagusi izan ditu ordezkaritza honek. Lehena, «Green proiektuak finantzatutako kardoaren kontrako tratamendua egin delako, eta hori nola kontrolatu den eta jarraipeneko lursailetan eduki duen eraginkortasuna egiaztatu» nahi dutelako. Eta bigarrena, «ongarri kontrolatuak egiten diren eta Idiazabalgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalerriko Ganaduzaleen Elkarteak kudeatutako mendi bat delako, eta bertan egiten den kudeaketa zein larreen oraingo egoera aztertu» nahi zutelako.
Bestalde, hiru eremutan zehaztu ditu helburuak Green proiektuak: «Basoan, nekazaritza ingurunean eta turbodun ingurunean mantenu eta errestauraziorako ekintza zehatzak» martxan jarriko dituzte eta «Piriniotako biodibertsitatearen inguruko erronka zehatzen inguruan gizartea, arduradunak eta eragileak informartzeaz» ere arduratuko dira.