«Museoak XIX. mendean bezala janztea proposatu zuenean poza hartu nuen»
Axun Mendizabalek (Arriaran, Beasain, 1939) Ormaiztegiko Elegante Eguneko jantziak egiten ditu. XIX. mendeko jantziak izugarri gustatzen zaizkio eta Elegante Egunari esker lagun ...
Axun Mendizabalek (Arriaran, Beasain, 1939) Ormaiztegiko Elegante Eguneko jantziak egiten ditu. XIX. mendeko jantziak izugarri gustatzen zaizkio eta Elegante Egunari esker lagun asko egin dituela dio.
Betidanik gustatu al zaizu jostea?
Bai. Beti asko gustatu zait jostea. Umetatik. Felisa izeneko emakume batekin ikasi nuen. Inguruko 7-8 neska joaten ginen berarengana.
Lan asko egin al zenuen jostun bezala?
Inguruko lagunentzat josten nuen, baina alaba jaio zenean utzi egin nuen. Ia 40 urte eman nituen etxetik kanpokoentzat josi gabe, Elegante Egunaren kontua azaldu zen arte.
Zeintzuk izan ziren gaztaroan egin zenituen lan garrantzitsuenak?
Eztei-jantzi bat egin nuen eta baita beste eztei batzuetarako soineko asko ere. Soinekoak, prakak… denetik egiten nuen. Bestalde, Guerra Hermanos enpresara etortzen zen valentziar batek eta bere emazteak gure etxean hartzen zuten ostatu eta emaztearekin Donostiara joaten nintzen hango oihalak ikustera. Emakume hura ere jostuna zen eta Valentziako punta-puntako tailer batean lan egiten zuen. Patroiak ekartzen zizkidan eta, bere eskutik asko ikasi nuen oihalei buruz. Nik ezagutzen ez nituen oihal asko ezagutzen zituen.
Zein da zuri gehien gustatzen zaizun oihala?
Oihal asko gustatzen zaizkit. Gehien gustatzen zaidanetako bat alpaka da.
Eta zein da gehien gustatzen zaizun jantzia?
Gehien gustatzen zaizkidanak Elegante Egunerako egiten ditugunak dira:?XIX. mendekoak. Beti gustatu izan zaizkit. Horien atzetik ibiltzen nintzen. Azpeitian ere Elegante Eguna ospatzen dute, inauterietan, eta urtero jantziak ikustera joaten nintzen. Asko gozatzen nuen. Zumalakarregi museoak XIX. mendean bezala janztea proposatu zuenean, sekulako poza hartu nuen. Ikastaro bat antolatu zuten eta han azaldu nintzen. Ondoren, nik hartu nuen jantziak egitearen ardura. 100 baino gehiago egingo nituen. Elegante Egunari esker, lagun asko egin ditut gainera.
Jantzi asko egin al dituzu urte hauetan?
Jendeak ez du ikasi nahi. Hala, nik neuk egin ditut jantzi asko. Asko gozatzen dut. Kapelak eta poltsak ere egiten ditut.
Zein oihal erabiltzen dituzue?
Txaketa tapizeriakoa izaten da eta gona meheagoa. Konjuntoa izan behar dira. Biak ezin dira kolore berekoak izan.
Elegante Eguna urteko egun garrantzitsuena izango da zuretzat.
Hamar bat amona elkartzen gara. Asko gozatzen dut, horrenbeste jende XIX. mendeko jantziekin ikusita.
Telesail historikoak ikusten al dituzu?
Orain ere halako bat ikusten ari nintzen… Acacias, hain zuzen ere. Aldizkariak ere erosten ditut, ospetsuen ezkontzetako argazkiak ikusteko. Monakoko Carolinak eraman zuen kapela bat bezalako egin nuen.
Ormaiztegiko bainuetxea ezagutzea gustatuko al litzaizuke?
Noski! XIX. mendera bidaiatu ahal izatea zoragarria izango litzateke.