Ordizia Rugby Elkarteko nesken taldeak jokalari berrientzat deialdia egin du
Errugbira neskak gerturatu asmoarekin 'Ekarri neska bat!' ekimena landu du Ordizia Rugby Elkarteak. Une honetan 13 neskek osatzen dute taldea eta gutxienez 15 izatea da helburuaOrdiziako Rugby Elkarteko nesken taldeak bultzadatxoa behar duela eta, pasa...
Errugbira neskak gerturatu asmoarekin ‘Ekarri neska bat!’ ekimena landu du Ordizia Rugby Elkarteak. Une honetan 13 neskek osatzen dute taldea eta gutxienez 15 izatea da helburua
Ordiziako Rugby Elkarteko nesken taldeak bultzadatxoa behar duela eta, pasa den igandean Ekarri neska bat! ekimena landu zuten. Harrera oso ona izan zuen, eta neska ugari gerturatu ziren entrenamendu saio berezira. Helburua, nesken taldean jokalari berriak sartzea da.Gaur-gaurkoz Ordizia Rugby Elkarteko nesken taldearen egoera «ez da oso ona, jende faltagatik», adierazi du taldeko entrenatzaileetako batek, Xabier Rodriguezek, hain zuzen ere. Une honetan 13 neskek osatzen dute taldea eta astebururo 12k egin behar dute salto zelaira. Aldaketak egiteko jokalari bakarra dute beraz, eta hori lesionaturik ez dagoen bitartean. Helburua, gutxienez taldean 15 neska edo gehiago egotea da.
Jokalari gutxirekin bada ere, «ilusio handiarekin eta indartsu ari dira lanean astero-astero», entrenatzailearen hitzetan. Baina «jokalari gehiago izatea bultzada handia izango litzateke».
Neskei deia
Taldearen egoera hobetze aldera, Ordizia Rugby Elkarteak eskualdeko neskei errugbian jokatzeko gonbitea luzatu die. 15 urtetik gorako neskek parte hartu ahalko dute eta ez da derrigorrezkoa aurretik errugbian jokatu izana edota beste kirol batzuk praktikatu izana. Behar dena «ilusioa, entrenatzeko gogoa eta talde bateko parte izateko konpromisoa hartzea da. Hori da garrantzitsuena», nabarmendu du Rodriguezek.
Hori horrela, interesa duten neskek ostiraletan egin ohi duten entrenamenduetara agertzea baino ez dute. 19:00etatik aurrera egin ohi dute lan saioa, Altamirako zelaian.
Ohorezko liga
Pasa den asteko atsedenaren ondoren, bueltan da asteburu honetan Heineken liga. Ordizia Rugby Elkarteko senior mutilek La Vila taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpo. Norgehiagoka igandean izango da, 12:00etan hasita.