Karmakros antzerki taldeak ate irekien jardunaldia antolatu du
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak ate irekien jardunaldia egingo du larunbatean, 10:00etatik 12:00etara, Labeaga aretoan. Helburua beraien lana ezagutzera ematea eta talderako kideak lortzea da. Karmakroseko Patxi Remiro, Mary
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak ate irekien jardunaldia egingo du larunbatean, 10:00etatik 12:00etara, Labeaga aretoan. Helburua beraien lana ezagutzera ematea eta talderako kideak lortzea da.
Karmakroseko Patxi Remiro, Mary Franco eta Arantxa Azaldegik prentsaurrekoa eman zuten astelehen arratsaldean ate irekien jardunaldia aurkezteko. Gainera, Antzezmotz lehiaketako izen-ematea ireki dutela eta hurrengo antzezlana prestatzen hasi direla jakinarazi zuten.
Remirok Karmakros antzerki taldeak herriari «poza eta kolorea» ematen dizkiola esan zuen. «Gure taldeko ateak ondo pasa nahi duten guztientzat zabalik daude».
Azaldegik herritarrak parte hartzera gonbidatu zituen. «Larunbatean etorriko direnek, agertokian lotsa galdu eta primeran pasatzen dela ikusiko dute», esan zuen. «Antzerkia irudimena eta oroimena lantzeko oso ariketa ona da», gehitu zuen Francok.
Larunbateko ate irekien jardunaldia aurkezteaz gain, antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketan izena emateko epea ireki dutela jakinarazi zuten. Kanporaketak otsaileko bigarren, hirugarren eta laugarren ostiralean izango dira eta finala martxoko bigarren ostiralean.
Taldeei bosgarren edizio honetan parte hartzeko gonbita luzatu zieten. Talde onenak 800 euro jasoko ditu, bigarren onenak 400 euro, aktore onenentzat sariak egongo dira…
Parte hartu nahi dutenek karmakros.concurso.lehiaketa@gmail.com helbide elektronikora bideoak edo antzezlanen sinopsiak bidali behar dituzte. 699 000 676 telefono zenbakira deituta ere Karmakrosekoekin harremanetan jar daitezke.
Bukatzeko, antzezlan berri bat prestatzen ari direla aurreratu zuten. «Urte batzuk pasa dira dagoeneko azken antzezlana aurkeztu genuenetik. Antzezlan barria urtebeteko epean-edo aurkeztea espero dugu. Jendeari asko gustatuko zaiola uste dugu», azaldu zuen Remirok.
Antzerkiari buruzko lana
Antzerkiari buruzko antzezlana izango da. «Antzerkiaz eta gure buruaz barre egingo dugu eta antzerki klasikoa hankaz gora jarriko dugu. Protagonista bolada txarra igarotzen ari den antzerki talde bat da».
Karmakrosek ere ez du bere garairik onena bizi, baina ez dute amore emateko inongo asmorik. Remirok 25 urte daramatza taldean eta Azaldegik eta Francok 12na. «Jende gehiago behar dugu gauza gehiago egiteko eta elkarrekin amesteko. Antzerkiak erlaxatzeko, barre egiteko, lotsa galtzeko… balio du. Antzerkia pozoia da. Agertokian min eta pena guztiak pasatzen zaizkigu».