Mikel Laboaren txorikumeak
Mikel Laboaren abesti ezagunena Txoria txori da. Ez da harritzekoa kanta hau Laboaren abesti ikonikoena izatea, bera ere txori bat baitzen. Askatasun osoz eta muga guztiak apurtuz abesten zuen txori
Mikel Laboaren abesti ezagunena Txoria txori da. Ez da harritzekoa kanta hau Laboaren abesti ikonikoena izatea, bera ere txori bat baitzen. Askatasun osoz eta muga guztiak apurtuz abesten zuen txori bat. Hala, gazteen artean miresmen berezia piztu du beti. 1990ean rock talde garrantzitsuenetako batzuk (Su Ta Gar, Negu Gorriak, Delirium Tremens, M-ak, BAP!!…) Txerokee diskoa eskaini zioten. Larunbatean, Urretxu eta Zumarragako taldeak izango dira Laboaren kantak joko dituztenak. Emanaldia 18:00etan izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Kontzertu hau Urretxu eta Zumarragako gazte talde batek antolatu du, Laboaren heriotzaren 10. urteurrena dela eta. Hamalau taldek joko dute: Narrash, Uxue Kerejeta eta Itsaso Triku, Isuo ta Kezman, Alopecia en la Lengua, Samba Dzanga, Hiri Galduak, UTE+DJ Sbns, Yonan, Veiculo Longo, Txost!, ZOL, Klak!son, Paxkal Irigoyen eta Peru Galbete eta Alter Ego. Bakoitzak Laboaren kanta bat abestuko du, moldatuz, abestian inspiratuz…
Seaskaren alde
Sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai, Zelai Ariztiko leihatilan, 17:00etan. Jasotako dirua Iparraldeko ikastolen elkarteari, Seaskari, emango diote.
Iñigo Igartza antolatzaileak kontzertu hau antolatzearen ideia lagunartean sortu zela esan du. «KKinzona irratiko eta gaztetxeko jendeari komentatu genion eta berehala baiezkoa eman zuten. Herriko musika taldeen zerrenda egin genuen eta musikariak prest zeudela ikusi genuenean, udalekin hitz egin genuen eta Zelai Arizti aretoa utzi ziguten».
Urretxukoa eta Zumarragakoa ez da Laboari bere heriotzaren 10. urteurrenean eskainiko dioten omenaldi bakarra. «Azpeitin eta Oiartzunen ere omenaldiak antolatu dituzte. Ez da harritzekoa. Izan ere, Mikel Laboaren figurak guztiok batzen gaitu eta guztion miresmena pizten du».
Kontzertuan parte hartuko duten musikariak iritzi berekoak dira. «Mikel oso musikari berezia zen. Bere abestietako hitzak oso bereziak ziren eta askori abestiak idazteko gogoa piztu zigun», esan du Iñaki Veruete, Alter Ego taldeko gitarra jotzaileak.
Patxi Mujika Alter Ego taldeko baxu jotzaileak ere musikari donostiarra miresten du. «Mikel Laboa umetatik entzun dugun musikari bat da. Eskolan, toki guztietan. Gauza bereziak egiten zituen. Arraroak. Guk larunbatean egin behar duguna egiteko jokoa ematen du. Bere kantak aldatuko ditugu eta berari ere kantak aldatzea gustatzen zitzaion».
Zumarragako Zelai Arizti aretoko agertokira musikari oso ezberdinak igoko dira: txalapartariak; DJak; pop, rock eta hardcore taldeak…
Laboaren txorikumeek Laboak irakatsitakoa egingo dute: aske hegan egin, aske jo. Mugarik gabe.